Bertso plazaren egoera 2021-09-06

Lagun-artekoak eta libreko bertso saioak, kaltetuenak

Lagun-artekoak eta libreko bertso saioak, kaltetuenak
Lagun-artekoek eta libreko saioek jasan dituzte ondorio larrienak pandemia hasi zenetik. Antolatzaile eta bertsozaleei esker mantendu ahal izan dira antolatu diren saio bakanak. Uda izaten da saio hauek gehien ugaritzen diren garaia, eta festen kontestuan gehienetan. Festak bertan behera geratu direnez, batzuk jaialdia antolatzeko apustua egin dute baina beste saio asko bidean gelditu dira. Datozen hilabeteetako erronka lagun arteko eta libreko bertso saioen aktibazioa izango da.

Pandemia etorri zenetik bigarren udara izan dugu. Bertsolaritzak aldaera eta forma asko hartu ditzakela gauza jakina da, eta horri esker jakin du egoera honetara moldatzen. Xenpelar Dokumentazioa Zentroak bildutako datuei erreparatuz gero Iazko urtearekin alderatuta, urte hasieratik goranzko joera izan du bertso plazak. Pandemiaren krisitik ateratzen goazen moduan ari gara saioak errekuperatzen.

Uztaila kontutan hartzen badugu, normaltasunetik oso gertu ibili ginela dirudi, baina datuak sakonago aztertuta ikusi dezakegu hori ez dela horrela.

Abuztuan joera hori utzi eta kolpe dezentea hartu du plazak. Ez da harritzekoa, herri ezberdinetan izan ditugun broteek neurriak zorroztu baitituzte. Positiboen grafikak gora egin duen guztitan, saioenak behera egin du.

 

Plazako kopuru orokorrak.

Bertso plaza deitzen diogunak 4 bertso-saio mota biltzen ditu bere baitan: Jaialdiak, lagun-artekoak, librekoak eta bat-bateko bereziak. 2019, 2020 eta 2021 urteak kontuan hartuta lau jaialdi mota hauen batura da ondoko grafikan ageri dena. 

 

Jaialdiek utzi digute aho zapore onena. Pandemia hasi zenetik kopuru normaletatik gora ibili da bertso saio mota hau. Gauza logikoa da egoerari erreparatzen badiogu. Osasun neurriak segurtasunez betetzeko berme gehien eskaintzen duen saio mota da, eta horregatik antolatzaile askok formatu hau aukeratu dute saioak antolatzerako orduan. Bertsolari eta gai-jartzaile kopuruz ere aberatsagoak dira saio hauek, eta horrek arnasa eman die bertsolariei.

Bat-bateko berezia jaialdien ezaugarri antzerakoak dituen bertso saio mota da. Bai behintzat antolakuntzari eta bertsozaleen kokapenari dagokionez. Normalean oholtzatik abesten dute bertsolariek, eta bertsozalea aulkietan eserita egoten da. Era honetan aforoaren kontrola eta osasun neurriak ondo betetzeko baldintzak hobeak dira. Horregatik, pandemiaz geroztik asko hazi da saio mota honen kopurua, eta lehendik zekarren goranzko joera nabarmen handitu du aurten.

Lagun-artekoek eta libreko saioek jasan dituzte ondorio larrienak pandemia hasi zenetik. Antolatzaile eta bertsozaleei esker mantendu ahal izan dira antolatu diren saio bakanak. Uda izaten da saio hauek gehien ugaritzen diren garaia, eta festen kontestuan gehienetan. Ez festak egitearen ondorioz saio asko eta asko antolatu gabe geratu dira, eta batzuk jaialdia antolatzeko apustua egin badute ere, beste asko bidean gelditu dira. Hau azken bi urteetan kezka iturri da bertsogintzan, eta datozen hilabeteetako erronka izango da saio mota hauen aktibazioa.

Ondorio nagusiak.

  • Jaialdiak eutsi diote, plazaren dibertsitatea berreskuratzea da hurrengo pausoa. Osasun neurrien ondorioz, saio mota batzuk desagertu eta beste batzuk indartu dira, baina bertsolaritza bizirik mantendu da gure plaza eta aretoetan.
  • Bertso eskolak eta antolatzaileak izan dira plazari eusteko gako nagusia. Bertsozaleei eta bertsolaritzak osatzen duen komunitateari esker mantendu da bertsolaritza plazan.
  • Antolatzaile txikiek izan dituzte zailtasun handienak saioak antolatzerako orduan. Finantzaketa iturri mugatuari, aforo murrizketak eta osasun neurriak bete beharrak gehituta, aukera gabe utzi ditu antolatzaile asko.
  • Kanon artistiko jakin batzuetako bertsolariek plaza asko galdu dituzte. Gaueko eta lagun-arteko edo libreko saioetan gehien aritzen ziren horiek plaza gutxi izan dituzte pandemia etorri zenetik. Jaialdietan leku gehiago duten horiek aldiz, saioak mantendu ahal izan dituzte.
  • 2019an baino %35 saio gutxiago antolatu da aurtengo udaran. Horrek esan nahi du 125 saio gutxiago antolatu dela 3 hilabetetan. Saio kopuruen gutxitze honek bertsozaleengan izan du eragin handiena. Askok urteroko ohituratzat zituzten saioak ez baitira antolatu.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri