33.edizioa 2021-10-24
Azken hirurtea egin duen lekuan eroso egon da antza Euskal Herriko Eskolartekoaren saguzarra. Saratik Abadiñora egin du hegaldia aurtengoan, baina Sarakoari txapela jantzita: Haira Aizpurua Ibargarai lapurtarrari. Igor Elortzaren eskutik jaso du txapela: txapelketatik harago, plazan kantuan jarraitzeko deia eginez bota du agurreko bertsoa, eta anaiari eskaini dio txapela: "ametsetako txapel eder hau eskaintzen diot anaiari, sortu denetik ene bizitza alaitu egin duenari". Maddi Agirre Epelde izan da txapeldunordea.
Abadiñoko probalekuan izan da gaur 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoa. Udaberritik hasita lurraldez lurralde egin diren saioetatik sailkatutako euskal lurralde osoko hamaika bertsolari gazte elkartu dira gaurkoan oholtza gainean: Aetz Etxart Sarasola (Urdiñarbe, 2004), Beñat Astiz Isasi (Barañain, 2004), Ekain Tolaretxipi Errazti (Hernani, 2003), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Eukene de los Aires Amundarain (Gasteiz, 2005), Haira Aizpurua Ibargarai (Sara, 2006), Janire Arrizabalaga Munduate (Gernika-Lumo, 2003), June Diaz Franco (Algorta, 2005), Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005), Naia Arrizabalaga Arrieta (Azkoitia, 2004) eta Oneka Arteaga Olasagasti (Kanbo, 2003). Haiei zalearen aulkitik hauspoa ematen handik eta hemendik etorritako 230 lagun.
Xabier Irakulisek gidatu du saioa. Hasierako agurra eginda, hura ere puntuagarria, bina bertso bota dituzte zortziko handian eta txikian: ikasturte bukaerako bidairako erretako patata tortilak saltzen, gurasoentzako oparia aukeratzen edota bertsotarako oinak eskupean dituen parte hartzailearen paperean jarri dituzte, besteak beste. Trebe aritu dira bertsolariak, baina sei izan dira bakarrik hurrengo fasera pasa ahal izan direnak: Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipi, Haira Aizpurua, Maddi Agirre, Naia Arrizabalaga eta Oneka Arteaga.
Bakarka egin dituzte sei bertsolariek bigarren faseko ariketak: puntua emanda lehena eta gaiarekin bigarrena. Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Julen Zelaieta, Leire Etxebarria eta Zigor Leunda aritu dira epaile lanetan, eta Eneritz Artetxe idazkari. Idoia Anzorandiak gidatu du sari-emate ekitaldia.
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa; Abadiñoko Udala, Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritza dira aurtengoan laguntzaile. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24