Hitzetik Hortzera 2021-10-28

Bertso otorduak bueltan, Hitzetik Hortzera

Aste honetako programan, urte eta erdi luzeren ondotik, bi bertso otordutan izango gara: Errezilgo bertso afarian eta Zaldibiako Zapi Janztean. Mahai inguruko bertso saioen pixkanakako itzuleraren lekuko izan eta Errezilgo saioko protagonistekin batuko gara. Hitzetik Hortzera: larunbatean, ETB1en.

Pandemiak bertsolaritzaren eremu garrantzitsuetako bat desagerrarazi du urte eta erdiz. Elkarteen eta tabernen itxierak bertso bazkari, bertso afari eta libreko saioak mugatu ditu denbora luzez eta bertsolariek ezin izan dute librean jardun mahai-bueltan, bertsozaleen ondo-ondoan eserita. Baina iritsi da erdi ahaztuta geneuzkan emozioak berriz sentitzeko aukera, eta pixkanaka bertso otorduetarako hitzorduak areagotzen ari dira han eta hemen. Horretaz ariko gara aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Errezilgo elkartean bertso afaria antolatu zuten aurreko astean. Kantuan Iker Zubeldia eta Maialen Akizu aritu ziren, eta bertsotan entzuteaz gain, beraiekin bildu eta bertso otorduei buruz solasean egiteko aukera izango dugu; baita Jon Gurrutxaga Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide eta antolatzailearekin ere.

Zaldibiako bertso bazkari berezian ere izan gara. Zaldibiako Zapi Janzteak bere 4. edizioa izan du aurtengoa. Iaz jaialdi formatuan antolatu zuten, baina aurten mahai ingurura itzuli dira bertsolariak. Kantuan, Andoni Egaña, Maialen Akizu, Jon Maia eta Nerea Ibarzabal.

Bertsoaldi Kuttuna Lezamatik

Pello Madariaga bertsozale eta gai-jartzaile lezamarrak azken Euskal Herriko Txapelketa Nagusira eramango gaitu, Iruñera, hain zuzen ere. Gogoan duzue Alaia Martinen kartzelako lana?

Ez galdu Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00tan, ETB1en; eta edonoiz EITB Nahieran atarian.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu