Zutabea 2021-12-17

"Formatik eta mamitik bietatik dutelako zaizkit eder"

"Formatik eta mamitik bietatik dutelako zaizkit eder"

Ane Zuazubiskar Iñarra

Halako puntuari ezin zaio ederretik bakarrik erantzun, Eneko. Ea zortziko txikian mamiari heltzeko kapaz garen. "Oreka aurkitzea da kontua"; hori litzateke erantzun erraza, balekoa, txalo merkerako moduko erantzuna. "Forma eta eduki ederraren arteko oreka aurkitzea da kontua". Erraza da, eh? Baina ez nengoke ados nire buruarekin, eta gainera, karaktere asko bete behar ditut oraindik. Bertsoaz ari garenean, teknika lotzen dut nik edertasunarekin. Eta teknika lanarekin. Baina aldi berean, mamia eta edukia ere lotzen ditut lanarekin. Horregatik ditut estimutan mamian eta teknikan lana igartzen zaien belaunaldikideak, edo adin bueltakoak. (Gainerakoak ere bai, dena esaten hasita, baina iruditzen zait zerbait esan nahi duenak bere burua estutu behar duela testuinguruak hala eskatzen duenean). Batez ere, ondo egindako lanak arnasa ematen diolako mingainari, burua lainotuta dakargun egunetan.

Txapelketa beteko udazkena joan zaigu, eta hortik etorri zaizkit pozik handienak. Pagonabarragaren "errituala" eta "gorritu ahala", eta Sanjurjoren eta Bizkarraren izarren hautsak, eta Alkaizaren gasolindegia, eta Etxebarriazarragaren "gaiei nondik kantatu nahi nien argi eduki nahi nuen", eta Roblesen "Nafarroa ez da Sakanan bukatzen" eta horren osteko argudio denak. Formatik eta mamitik bietatik dutelako zaizkit eder haien eta aipatu gabeko beste askoren lanak. Lana igartzen zaielako.

Adinez bueltakoak ditut denak, baina susmoa badut erdibideko belaunalditxoa osatzen dugula laurogeita hamapikukoek, eta gu baino gaztexeagoek zenbait kontutan ezberdin konfiguratuta dakartela burua. Bukaera biribil batek edozein zortziko handi salbatu zezakeela ikasi genuen guk eskolartekoetan (oh, bertsoaren azken millennialak!), baina urte gutxian ikasi genuen bukaera puztuak ez zirela aski. Eta gure atzetik, bi milakoak. Lurrunezko mundu bati bertsotan, hasieratik. Aiestaran, lau urteko saltoak horrenbesterako balioko duelakoan, zeri kantatu nahi dio Zeta belaunaldiak? Zein dira bi milatik aurrerakoen gaiak? Zertan igartzen duzue, lau urte (edo gehiagoko) saltoa?

Albiste gehiago

larunbatean 21:00etan ETB1en 2024-10-31

Hitzetik Hortzera Mikele Arizkorretarekin

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-10

Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza