XILABA - FINALA 2021-11-15
Zergatik proposatzen diote 6 finalistak ongi baino hobeki ezagutzen dituenari haren lagun eta bertsokideen lana iruzkintzeko ?
Antolakuntzaren bizkarreko gorria jantzirik egon nintzaion finalari beha, goizean goizetik jai alaia ospatu ahal izateko Lohizuneko pilotalekua atontzen ibili ziren laguntzaileekin batera. Bertsolariok prestakuntza lanetan hasi aitzin ere, badira guri mikrofonoa eta ahotsa jartzeko isileko lana egiten duten bertsozaleak. Biba zuek eta gora bihotzak!
20:45. Has nadin bukaeratik. Hunkitu naiz, Haira Aizpurua Euskal Herriko eskolarteko txapeldun berriak Odei Barroso ene irakasle izandakoari saria ematen ikusirik. Miren Artetxe txapeldunordeak berak badu ikerketa bat burutua Ipar Euskal Herriko bertso eskoletako haurren hizkuntza ohiturei buruz. Jai Alaiko bertsorik bipilenak bezainbesteko zirrara eragiten dit, astez aste, Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoak berrehun haurretik goiti euskaraz sozializatzen ari direla jakiteak.
16:30. Gogotsu dator bertsozaleen saldoa. Pandemiaren hitsak Xilabaren larrazken koloreen kontrastea bizitu besterik ez du egin.
"Bertsoez aritu beharko duk, ezta?" pentsatuko du honezkero batek baino gehiagok. Ba bai, lerrook labur geldituko baitzaizkit on-aurkiak aletzeko. Hasteko, erantzunen garrantzia aipatu nuke. Ofizioetan bi bertsolari elkarri erantzuteko jarrerarekin ikustea da publikotik gehien asebete ohi nauen gauzetako bat. Hala aritu ziren Maddi Ane Txoperena eta Maddalen Arzallus zortziko handian, talibanei aurpegia emanez eta Europarron zurikeria hitzetik hortzera deitoratuz. Ez ziren okerrago aritu Miren eta Patxi Iriart 8ko handian, eskuin muturrari hitzez zein ekintzez buru egin nahirik. Ofizio borobila osatu zuten ondotik Arzallustarrek, haurrek lagunen etxean egindako bihurrikeriei buruz. Dialektika purua, entzuleen kitzikagarri.
Besteen begiradak jadaneko arranguratzen ez duen pertsonaren larrutik jarri zituzten bertsolariak kantuan bakarkako gaian. Behako propioarekin, neurrira tolesturiko eta errimek josiriko diskurtso ezinago politikoak osatu zituzten bertsolariek. Iduri luke ikuspegi horretatik nolabaiteko haria izan zuela finalak, faxismoak perbertituriko Liberté hitzaren gainetik Patxiri Askatasuna hitza idazteko aholkua egin zion Mirenen jeniotik hasi eta generoaren eraikuntza sozialaz aritu zen Odei nahiz gure inertzia arrazistez edo Bangladesh zein Ukrainiako emazteen haurdunaldi subrogatuez aritu ziren Amets eta Artetxe beraren lanetaraino. "Aberatsena da arriskutsua den minoria bakarra" errematatu zuen bere lehen kartzelako lana txapeldunordeak, Éric Zemmour Frantziako presidentziarako hauteskundeetarako inkestetan goiti egiten ari den garaian, karriketan margotu eta telebistako platoetan behin eta berriz errepikatzeko moduko aldarria.
Hasieratik hastea dagokigu berriz ere. Bertso eskolak, eskolartekoak, bertso-afariak, libertimenduak, taldekako txapelketak... Larunbatean, aspaldiko partez, herri sena hauteman zuela irakurri diot norbaiti twitterren, ez da gutxiagorako.
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31