Zutabea 2022-01-31
Burua desberdin konfiguratuta dakargunok ere zortziko handiak bukaera biribil batekin salbatzen ikasi genuen eskolartekoetan, Ane. Baina esango nuke, lezio hori kuestionatzera iritsi bagara, ez zela alferrikakoa izan hamabost urterekin Oñatiko puntaraino egin genuen bidaia, baserri handi hartara. Bertso Udalekuetara koskortu arte iritsi ez ginen Zeta belaunaldiko askok saio horietan eman genion gure buruari baimena (agindu tonuarekin agian) delako konfigurazioa aktualizatzeko.
Denbora joan da ordutik, baina ausartuko nintzateke esatera aspaldi osatu genuela halako gu bat "bi mila eta gutxikook". Eta gu hori zaintzeko eta babesteko gogoa sentitzen dut, gaur, inguruan. Hortik kantatu nahi dugu, eta hori uste dut inporta zaigula gehixeago, nora edo zeri kantatu baino: garenetik kantatzea.
Ez zait iruditzen lau urteko saltoa nahikoa denik gaitegi diferente bati begira egoteko. Ordea, zerbaitek egiten baldin bagaitu 1997 eta 2001 desberdin, esango nuke izan daitekeela berriaren berritu nahia: ahots berriak, ikuspuntu berriak, gorputz berriak, molde berriak. Bertsotan egiteko sekulako gogoa dakargu eta elkarrekin sortzea maite dugu; behar al da besterik bide berri bat urratzeko? Barre egin nahi dugu bakarka, eta negar puntuka, besarkatu egin nahi dugu elkar ofizio baten ondoren, eta poltsikotatik atera nahi ditugu eskuak. Aldatzera gatoz, eta garenetik ekiteak egiten du berritu nahiaren aldarria sinesgarriago.
Esango nuke "erdibideko belaunalditxoa" hein handi batean dugula belaunaldikide, baina bada batzuetatik besteetarako saltoei aldamenetik adi-adi erreparatzen dienik. Ainhoa, zertan sentitzen duzu zuk diferentzia batzuei eta besteoi gaiak planteatzeko orduan? Eskatzen al dizu konfigurazio aldaketarik buruak, laurogeita hamarrekoei (are, laurogeita pikokoei, hirurogeita hamarrekoei…) jartzeko gaiak pentsatzetik bi milakooi gaiak jartzera igarotzen zarenean?
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24