None 2022-01-18
Doinua: Auséncia (Imanol kanta 11A/Bra egokituta)
1. Duela hamabost urte hamalau
urte zituen mutil gazte bat naiz.
Dandy Walker sindromea dut nik “gaitz”,
gaitz gisan hartu nahi baduzue hau.
Bizibide malkartsu guztiak lau
bilakatzen ahalegintzen naiz maiz,
gizarte hain berekoi honetan nahiz
trabak gainditzen jardun goiz eta gau.
Nire haurtzaroak niregan dirau
nire ilusio eta nire nahiz,
nire begi-nini bete eta blaiz
nire etorkizunak kezkatzen nau.
2. Nire buruaren buruhaustea
eta nire sindromearen pausak
eragindako ezinen errautsak
baliatuz nahi dut hegan hastea.
Sinesten dut patuan sinestea
neuk biziaz neu naizenaren kausak
nik ere bai baititut nire gauzak
baina ez dut nahi aterik ixtea.
Nire bizitza ez da hain tristea
eta horrek harrotzen ditu hautsak,
zenbaitek ez baitituzte nahi ahuntzak
zelaietan saltoka ikustea.
3. Haur bat nintzenetik dut ikasteko
eta garatzeko ilusioa
nahiz eta zenbaitzuen desioa
sekula ez den izan laguntzeko.
Gehiago izan da izorratzeko!
Hau da jaso dudan pertzepzioa
eta nire interpretazioa
neure burua interpretatzeko.
Nik sentitzen dudana ulertzeko
eskolatik dator prozesioa.
Bi irakasleren obsesioa
ume nintzena ume gelditzeko.
4. Ikasteak liluratzen ninduen
matematika, soinketa, euskera…
Nire ikaskideekin batera
gauza asko ikasi nahi nituen.
Baina han maisuak agintzen zuen.
Hala, ni ikasgelatik atera,
aldameneko gela huts batera
joan eta zerbait marrazten nuen.
Ez dakit munduak ulertu duen
zein den egun dagokion papera
edo le(he)n egiten zuen antzera
baztertuta uztea nahi gaituen.
5. Gure mundua aldatzen ari da
eta urrats gehiago ematean,
eta urrats hoiek eman artean
ez gaitezen joan hamildegira.
Nire nahiak ez doaz urrutira
nahiz mugatu daitezken gizartean!
Mundu anitzago bat izatean
guztiok izango dugu kabida.
Jar gaitezen geroari begira
zoriontasunerako atean,
mundu inklusiboago batean
mundu gehiago sortuko baitira.
6. Ez ote naiz ameslari ergela?
Nahiz bi hankak ondo izan zoruan
nik ametsetan dihardut zeruan
badakidalako posible dela
aldatzea ohituren erregela
guk bizi dugunaren inguruan
eta entzun gaitzatela munduan
gaur arte egin ez duten bezela.
Nik badakit desberdinak garela
norbanako denok garen moduan,
beraz gu tratatzerako orduan
ere berdin tratatu gaitzatela.
7. Desberdinak ez du esan nahi txarra,
desberdina da soilik desberdina!
Nahiz zentzu askotan izan berdina,
badago bereizten jakin beharra.
Gizarteak jarri dezake marra,
protokolo on batekin, jakina!
Maitasunez eta taktuz egina,
horrek emango bailuke indarra!
Ekaitzaren osteko ostadarra
bistaratze hutsaren eragina
eta utziko duen etekina
dira ikusi nahi dugun bakarra.
8. Zer da besteekiko maitasuna
besteak ulertzen ditugunean?
Hori lortzera heltzen garenean
ez al da lortzen zoriontasuna?
Bi galdera hoietxen erantzuna
eman beharrik ez daukagunean
sinistuko dut berdintasunean!
Existitzen bada berdintasuna…
Gabezia edo urritasuna
aberastasun bihurtzen denean
gutako bakoitzaren barrenean
aurkituko da aberastasuna.
DANDY - Urko Egaña Calderón
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24