Bertso jarriak 2022-01-27

Irati Alcantarillak bertsoak jarri dizkie haur motxiladunei

Irati Alcantarillak bertsoak jarri dizkie haur motxiladunei

Irati Alcantarillak bertso sorta bat jarri du haur motxiladunak gaitzat hartuta, 'Harriak eta irriak' izenburuarekin. Bertsolari aldizkariko bere blogean argitaratu ditu. Hona hemen sorta:

Doinua: Norbere mundu intimo

Haur bat ez da soilik haur bat
motxiladun izatean;
ez duenean ikusten
aita gelako atean.
Nik ere nire motxila
jarri nuen bat-batean
eta biluzik sentitu
nintzen eskaparatean.
Asteburutan bixita,
tristura asteartean,
klasekideen galderak
ez izan arren kaltean.
Ni ere haurra naiz baina
ez beste haurren artean;
ni errepidean nago
eta beraiek parkean.


Lagunekin hitz egiten
zein den igandeko plana,
ni ez naiz egongo eta
horrek badu bere zama,
jolastera joango dira
beraien aitarengana,
ta gero egingo dute
matematikako lana.
Lagun batek baloi bat du,
nola ez, aitak emana.
Oso zoragarria da
sortu duten harremana.
Etxean dauzkat lagunak,
aitona, amona, ama…
Baina faltan botatzen dut
inoiz izan ez dudana.


300 kilometro
garajetik espetxera
gainera erdi biluzik
sartzen naute barrenera;
soilik 40 minutuz
egon gaitezen batera…
Sentimendu uholde bat,
espetxe bat horixe da.
Uniformedun gehienek
dute hiltzaile tankera,
baina iristen denean
besarkada amaiera.
Haur motxiladun guztioi
gertatzen zaigu berbera;
barrezka sartzen garela
eta negarrez atera.

 

Lokartzerako Baionan,
esnatzerako Toulousen;
bixita hasi orduko
hasi behar da agurtzen,
malkoak irensten eta
irribarreak isurtzen,
sua pizteko orduan
berriz ere dena urtzen!
Ez dakizue nora arte
ni ere nauten egurtzen,
ez dakit aita ze kirol
egitera zaletu zen…
Zer gustatzen ote zaion,
zerk ote duen beldurtzen?
Nire aita dela dakit
baina ez dut ezagutzen.

 

Bidean galdu ondoren
urtarrila, azaroa,
egun batez nire alde
irten zitzaidan dadoa;
dei batean entzun nuen:
“Aitatxo etxera doa!”
Eta atera genuen
igandetako ardoa,
imaginatu nik ere
hartu nuela tragoa!
Eta ezagutu nuen
nire aita arraroa;
baloiarekin artista
eta kartekin Magoa.
Egun horretan hasi zen
benetako haurtzaroa.

 
Hautsaren alaba denak,
borroka baten biloba,
behin jantzitako motxila
nork eranzten du gerora?
Agian senide hori
aterako da kanpora,
agian etorkizun bat
sortuko dute gustora,
agian haur hori heldu
zoriontsuaren froga
bihurtu daiteke baina,
nora ote doa, nora.
Ahaztuko da distantzia
pasatuko da denbora…
Baina izan nintzen haurra
motxilan geratuko da.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri