Otsailean aurten 2022-01-31
2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa joan den udazkenean izaki, otsailean dator Bertsoaroaren eskaintza Iruñeara. Otsailaren 10etik 24ra ospatuko da, Bertsoaroaren 31.edizioa.
Ohiko gisan, unean uneko bertsolaritzaren berri kalitatez eta aniztasunez ematea du helburu aurtengo Bertsoaroak ere. Sei emanaldi izango dira guztira: hiru bertso jaialdi, ‘eRRe’ eta ‘Bederatzikoa’ emanaldi bereziak eta ‘Bertso jasa, bat-bateko jolasa’ haurrentzako tailerra. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak.
Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute, eta hiruentzako bonoa eskuratu ahal izango da 12 eurotan (sarrerak salgai antzokiaren webgunean). ‘Bertso jasa’ tailerrerako izena eman beharko da aurrez, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita. Beste bi emanaldiek sarrera librea izango dute, aforoa bete bitarte.
Sei emanaldi guztira
Bertsoaroaren 31. aldia, ohikoa den gisan, lehen mailako bertso jaialdi batekin hasiko da. Alaitz Rekondo arduratu da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira sei bertsolari. Oholtza berean elkartuko dira ibilbide eta herrialde ezberdinetako bertsolariak, tartean, lau txapeldun, eta denen artean osatuko dute egungo bertsolaritzaren argazkia. Otsailaren 10ean izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan.
Otsailaren 15ean, toki eta ordu berean, 'eRRe' emanaldiak hartuko du lekukoa. Jendartea zatitzen duten dikotomiak eta etiketak abiapuntu hartuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek. Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, eta antzerkiaz gain, helduentzako ipuin- kontaketak eta poesiak ere badute lekua. Otsailaren 5ean estreinatuko da lana Durangon, eta bigarren emanaldia izango da Iruñekoa.
Aurten ere bertsolari gazteen saioa jasoko du zikloak. Otsailaren 17an izango da, Katakraken. Urteak badira Bertsoaroak, bere egitarauan, leku egiten diela bertsolari gazteei ere. Aurten ere helduko zaio apustuari, bertsolaritzaren orain eta etorkizun diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emanez.
Txikienek ere izango dute haien tokia Bertsoaroan. Aurreko urteetan bezala, 'Bertso jasa, bat-bateko jolasa' tailerra eskainiko da, otsailaren 19an, larunbatarekin, Txantreako Salestarretan. 'Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa' haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak dira. Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrei eskaini zaie tailerra, eta izen-ematea ezinbestekoa da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita, otsailaren 17a baino lehen.
Otsailaren 22an 'Bederatzikoa' izeneko emanaldi berezia eskainiko da, Kondestable Civivoxeko areto nagusian. Obrak bederatzi sinfonia osatu zituen Beethovenen obra eta bizitzari egiten dio errepaso, bertsolaritzak berezkoa duen bederatzi puntuko neurriari ere erreferentzia eginez, eta neurri horretan kantatu diren bertso antologikoak publiko aurrera ekarriz. Bertsoa eta pianoaren musika nahastuko dira, beraz, oholtza berean.
Otsailaren 24an bukatuko da aurtengo Bertsoaroa, eta ohiko gisan, bertso jaialdi batek jarriko du amaiera. Oholtzan izanen dira puntako bertsolariak, ibilbide luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak. Tartean, Nafarroako azken txapelketako txapeldun eta txapeldunordea. Denen artean, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute, ziklo osoari amaiera biribila jarriko dion emanaldian.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24