Gaztelumendi anaien emanaldia 2022-02-08
Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiek ondu duten 'Bidea da borroka' bertso komikiaren bertso-aurkezpen bira aste honetan amaituko da, Gasteizen. Aurkezpen ohikotik ihesi, emanaldi bat prestatu zuten gaztelumenditarrek, bertso jarri, bertso-marrazki saio eta bat-bateko bertsoz osatua. Bertso jarriak bien artean zein banaka kantatzen dituzte eta komikian landutako gaien inguruan dira, tematikari dagokionez: "mundua nola ikusten dugun gure adinetik eta gure posiziotik, helduaroaren etorrera, eta feminismoa nola bizi dugun" adierazi dio Beñat Gaztelumendik Bertsoari.
Sorta laburrak eta dinamikoak egin nahi izan dituzte, 'a capela' kantatzen dituztenak. Bertso marrazkietan Unai Gaztelumendik esperientzia handia du, eta emanaldi honetan marrazketa elaboratuagoa egiten du, Beñaten bertsoen harira. "Unaik beti izan du bertsotan marrazkiarekin bide bat egin litekeenaren intuizioa, eta emanaldi hauetan alderdi horri beste elaborazio bat emateko aukera izan dugu", dio anaia zaharrenak.
"Bat-batean ere kantatzeko gogoa"
Aurkezpen saio hauetan bat-batean bertsotan elkarrekin egiteko gogoa ere bazuten gaztelumenditarrek: "Bertsotan hasi ginenean ia saio guztietan elkarrekin kantatzen genuen eta azken 10 urteotan berriz ez dugu batera aritzeko aukera askorik izan eta horrek motibatzen gintuen. Bestetik, pandemiarekin libreko saioak erori diren honetan, gure emanaldian libreko saio bat eskaintzea ere interesgarria iruditzen zitzaigun" azaldu du añorgarrak.
Añorga, Gabiria, Iurreta, Bilbo eta Maulen izan dira orain arte eta oso gustura daude egindako saioekin. Bat apartatzekotan, Maulekoa aipatu du Beñatek. Ostegunean eta ostiralean, Laudio eta Gasteizen izango dira bertso aurkezpen hau gozatzeko azken aukerak. Oraingoz eten bat egingo dute, baina ez dute erabat baztertu udaberrian emanaldi gehiago egiteko aukera, besteak beste zenbait eskariri ezezkoa eman behar izan diotelako, edo bertan behera utzi.
'Bidea da borroka' komikiaren bertso aurkezpenarekin "komikian egindako lanari beste buelta bat emateko aukera" izan dutela azpimarratu du Gaztelumendik, bi lanketak ere elkarren osagarri izan dirala nabarmenduz.
Azken bi emanaldiak
'Bidea da Borroka' komikiaren azken bi bertso aurkezpenak ostegunean eta ostiralean dira, Laudion eta Gasteizen hurrenez hurren. Laudion, ostegunean, 19:00etan Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Gasteizen, ostiralean, Hala Bedi tabernan, 19:00etan.
Ikusi hemen Goierri Telebistak grabatu eta sareratutako zatia.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24