Amasa-Villabonan estreinaldia 2022-03-29
Oihana Iguaran bertsolari eta dantzariak eta Amaiur Luluaga dantzariak Amaraun ikuskizun berria dakarte plazara, amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatzeko musika, kantua eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna. Apirilaren 7an estreinatuko da Amasa-Villabonan, Gurea Antzokian, 19:00etan. Lankuk ekoiztutako proiektua da.
Hau bidaia bat da
Iguaran eta Luluagak ohartarazi dutenez, "Ez aurreikusi dantza ikuskizun bat, ez espero bertso emanaldi bat; hau bidaia bat da. Bidaia hipotetiko bat amatasunean zehar. Bidean, gorputzak, ahotsak, dantza eta bertsoa gurutzatu zaizkigu. Eta amatasunak gurutzatu gaitu."
"(Ama) izan ala ez izan” erabakitik abiatuko da emanaldia, eta horrek amatasunaren esperientzia batzuk agertzeko bidea eskainiko die Iguaran eta Luluagari, "ezagutzen ditugun ereduen eta gustatuko litzaizkigukeen ereduen arteko joan-etorrian. Enpatia eta aitortza ariketa bat amatasun mota guztiekiko, eta hausnarketa bat gizartean figura horrek betetzen duen paperarekiko".
Bertsoa eta dantza kontakizun batean
Amaraunaren sortzailei proiektu artistiko bezala berritzailea iruditzen zaie bertsoa eta dantza elkarrizketan baliatzea, baina ez bakoitza bere aldetik, kontakizun baten elementu banaezin bezala baizik. "Ez dugulako bertsoa dantzatuko, edo dantza bertsotan emango. Istorio bat kontatuko dugu eta horretarako eskura dugun lengoaia guztia baliatuko dugu: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, eszena... Erronka gisa ikusten dugu figurak lausotzea ere, dantzaria kantura ekarriz eta bertsolaria dantzara."
Begirada, desberdintasuna
Emanaldi honen desberdintasuna begirada litzateke, Iguaran eta Luluagaren arabera. Aipatutako eredu gehienek amatasunaren instituzioa edo esperientzia bera aletzen dituzte diote, gehienetan barrutik begiratuta. "Guk kanpotik begiratu nahi diogu, (ama) izan edo ez erabakitzerakoan eragiten duten faktoreak aletuz, zalantza arakatuz eta amatasuna alaba gisa ere hausnartuz."
Estreinaldirako sarrerak salgai
Datorren astean izango da Amaraun lanaren estreinaldia Amasa-Villabonako antzokian, ostegunean, 19:30ean. Sarrerak eskuragarri daude.
Aurrera begira, dagoeneko badira emandi gehiago ere lotuta:
Maiatzak 7. Igorre. Lasarte Kultur etxea. 20:00
Maiatzak 14. Zizurkil. Joxe Arregi plaza. 19:00
Maiatzak 20. Arrigorriaga. Lonbo Aretoa. 19:30
Maiatzak 22. Anoeta. Mikelasagasti Auditoriuma. 19:00
Ekainak 17. Munitibar. Plazan. 19:00
Informazio gehiago edo kontrataziorako: www.lanku.eus
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24