Idoia Granizo - Bertx[o]ri Sariketa 2022-04-06
Martxoko lau ostegunetan Iruñeko Jarauta kalean unibertsitate giroko bertso festa izan da protagonista, Bertx[o]ri Sariketari esker. Idoia Granizo bertsolari altsasuarra da bertsotan ez ezik antolakuntzan ere ibili denetako bat. Berak kontatu dizkio Bertsoari esperientzia eder hori gakoak. Denen gainetik, bi ideia. Bat, ekimena oso-oso ondo hartu du jendeak eta arrakasta handia izan da, dena auzolanean egina gainera. Bi, aurrera begira jarraipena izateko hazia botata gelditu dela azpimarratu du Granizok. Bittori Elizalde eta Aner Peritz izan ziren irabazle, eta bien emozio eta gogoetak ere jaso ditu Bertsoak.
Bertso eskola sortu lehenik, sariketa gero
Nafarroako Unibertsitate publikoan bertso eskola eskaintzea izan zen lehen pausoa, Idoia Granizo bera tartean zela: "Hastean behin elkartzen hasi ginen eta konturatu nintzen trukoa azkar hartu ziotela eta erraz askatzen zirela". Hari hori tiraka, bertso grina horri jaten emateko ideia bat izan zuten.
"Ezagutzen dugu Gasteizen egiten den Bertxokatu Saria, antzeko filosofiarekin eta ekimen hori Iruñera ere ekar genezakeela pentsatu genuen, nahiz eta jakin Gasteizko unibertsitate giroan bertsolaritzak beste indar bat duela" dio Granizok. Bertsotarako gogoa eta aukera oinarri hartuta, ekimenari forma ematen hasi ziren. "Batetik bertso eskolako talde horren nahia betetzea zen helburua, giro oso informalari lotua, eta bestetik, Iruñeari ere eskaintzeko moduko saio erakargarria antolatzea".
Bertxokatu, Bertx[o]ri
Gasteizen Bertxokatuk bertsoa eta katua elkartu bazituen, Iruñea bertsoa eta txoria uztartuta etorri da Bertx[o]ri. 18 bertsolari hartu zuten parte, binaka, unibertsitateko bertso eskolako ikasleak tartean. Gehienak nafarrak edo Iruñean ikasten ari direnak, eta tartean gonbidatu batzuk ere bai.
"Ez genituen espektatiba altuak"
Ideiari sariketa informalaren forma emanda zabalkunde kanpaina etorri zen gero, eta espektatiba apalekin abiatu arren, tabernetan ezin kabitua etorri zen berehala. "Ez genituen toki handiak aukeratu baina ez genuen uste jendea kanpoan geldituko zenik. Finalean, esaterako, jende asko gelditu zen sartu ezinda eta pena da, baina betekadak poza ere ematen dizu" aitortu du Idoia Granizok.
Sariketa jostarietako menua prestatu zuten ariketei zegokionez ere: prestatutako agur bereziak, ofizio asko, jolasen batzuk... "Ariketak oso ongi atera ziren".
Baina dena ez da jolasa bakarrik. Lan ere gogotik egin dute ekimen hau aurrera ateratzeko. "Dena auzolanean egin dugu, bakoitzak ahal zuena jarriz" azaldu altsasuarrak. Eta lanak eman du bere frutua: "Kriston arrakasta izan da eta jendea gogoz gelditu da" atera zaio barrutik Granizori.
Ikusteko dago aurrera begira zer jarraipen izango duen, "aurtengo taldean egon garen gehienok datorren kurtsoan ez gara unibertsitatean izanen, baina batzuk gelditzen dira eta Bertx[o]rik jarraitzeko hazia botata gelditu da nabarmendu du bertsolariak.
Bertsolariak ere oso pozik
Bittori Elizalde eta Aner Peritzek osatutako bikotea gertatu zen irabazle eta bien testigantzak jaso ditu Bertsoak. Nola batak hala besteak zinez estimatu dituzte Bertx[o]riko jolas giroa, lagunartea eta publikoaren jarrera.
Gasteiz, Iruñea, Bilbo
Bertx[o]ri Sariarekin unibertsitate giroko antzerako bertso ekimenak gorpuzten ari dira Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Bertxokatu Gasteizen, Bertso Erronda Bilbon eta Bertx[o]ri Iruñean. Bakoitza bere berezitasunekin, jolas kutsu, publiko, giro eta filosofia oso antzekoak partekatzen dituzte. Donostian eta Baionan, azken urteotan behintzat, ez da halako ekimen izan.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-23
Ekhiñe Zapiain Arlegi - Bortzirietako bertso eskolako kidea 2025-01-21
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-16
Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06