Ane Zuazubiskar - Osinaldeko irabazlea 2022-04-25

"Bertsolaritza da nire pasioa. Ordu eta indar asko eskaintzen diot"

Lan ona eginaren poza eta ilusioa utzi dizkio Osinaldek Ane Zuazubiskarri. Aitortu du elkarteetako lagunarteko giro hori gustuko duela eta gertukoa egiten zaiola, ez bertsotan baina bai bizipenean. "Datorrena aprobetxatzen saiatu naiz azken bi urteotan. Hala ari naiz orain ere eta disfrutatzen ari naiz. Bertso gosez nago".

Lan ona eginaren poza eta ilusioa utzi dizkio Osinaldek Ane Zuazubiskarri. Poz konpartitua, maila handiko finala izan baitzen 50garrena. Bertsolari arrasatearrentzat ez zen lehenengo finala izan, aurrez bi aldiz egin baitzuen bigarren. Baina bai egoera berezian zetorrena: hiru urteren ondoren berriro ere afalondoko giroan, jendea giro horren egarri, bertsolariak ere bai, 50. urteurrena... Testuinguru horretan, aitortu du beldur puntu bat ere bazuela. Behin bertan egonda, ordea, bertsotarako aldartea gailendu zitzaion.

"Gustuko dut soziedadeko giroa"
Zuazubiskarrek aitortu du elkarteetako lagunarteko giro hori gustuko duela eta gertukoa egiten zaiola, ez bertsotan baina bai bizipenean, etxetik ezagutzen duelako. Hasieran kokatzen kosta egiten dela uste du eta gerta daitekeela kontrako eztarritik sartzea ere, "baina niretzat ez da arrotza eta gustatu egiten zait".

Agur katartikoa: "bide zaharrak mantendu/eta berritu"
Azken agurreko unea ere oso-oso berezia izan zen Osinaldeko finalean. Kasualitatez, bakarka Patxi Iraola Osinaldeko lehen irabazlearen paperean kantatzea egokitu zitzaion eta bukaerako agurrean, hari mutur horri tiraka Osinalderi esker oneko bederatziko eder bat eskaini zion: bertsoak baititu/mila zirrikitu/mende erdi ta piku/ahal dela segitu/bide zaharrak mantendu/eta berritu amaitu zuen arrasatearrak eta elkartea txaloka lehertu egin zen. "Uste dut Osinaldek aitortza hori merezi zuela. Ibilbide honetan horixe egin baitu, bidea mantendu, bertsolari gazteei plaza on bat, arretaz entzungo zaien plaza bat eman, eta bide hori berritu" adierazi du Zuazubiskarrek.

Aldarteari eustearen garrantzia
Saio hasieratik hasi zen gustura aurtengo irabazlea. Badaki Osinalde bizi kantatzea estimatzen duen plaza dela eta horretan ere ahalegindu zen, baita gustura aritu ere. Eta aldarteari eusten asmatu izanaren garrantzia azpimarratu du Zuazubiskarrek, arantzatxo bat bai baitzuen hor gordeta: "Duela hiru urte ere oso gustura eta aldarte onean aritu nintzen, baina, kartzelan, ez nuen asmatu aldarteari eusten eta ez nuen batere gozatu gero. Aurten ere kezka hori nuen, baina asmatu nuen eusten eta gehiena kartzelan gozatu nuen, 10 txikian".

Bertsoa pasio eta lehentasun
Bertsolaritzak Ane Zuazubiskarren bizitzan zein lehentasun duen galdetuta, "handia" atera zaio barrutik, eta gehitu: "esateak lotsa pixka bat ematen dit, baina lehentasun handia du". "Bertsoa nire pasioa da, eta ordu eta indar asko eskaintzen diot. Zortzi-bederatzi urterekin hasi nintzen bertso eskolan eta beti eutsi izan diot". Aramaioko bertso eskolan ibiltzen da eta tarteka baita Oñatikoan ere.

Hogeita bost urteko bertsolari arrasatearra plazan ere badabil, azken urtean bereziak izan badira ere. 2020 urte hasieran saio dezente izan zituen, gero pandemiak dena hankaz gora jarri bazuen ere: "Halere, aitortu behar dut 2020an eta 2021an saio dezente izan nituela eta iazko kasuan momentu batzuetan ohitua ez nagoen adina ere bai... batzuetan kosta egin zait, iruzurtiaren sindromea ere izan dut inoiz, baina datorrena aprobetxatzen saiatu naiz azken bi urteotan. Hala ari naiz orain ere eta disfrutatzen ari naiz. Bertso gosez nago. Eta horri eutsi nahiko nioke. Etorriko da etorri behar duena eta etorri behar duen erritmoan".

Plazan eta txapelketan bidea egiten jarraitzea helburu
Bertsolaritzarekiko duen pasio hori lanketa eginez aberasteko bideari eutsi nahiko lioke Ane Zuazubiskarrek aurrera begira ere. Gazte sariketaz aparte, 2019ko Gipuzkoako Txapelketan koska bat gora egin zuen eta plazan ere antzeman zuen jauzi hori. Aurrera begira ere, ildo horretan ikusten du bere burua bertsotan. Batetik, plazan bere onena eman eta gozatzen eta, bestetik, txapelketaren aukerak ere baliatzen: "Txapelketaren estutu hori gustuko dut eta niri ematen dit halako bultzadatxoa hobetzeko. Eta ondorenean ere, txapelketarako egindako lanetik plazara ekartzea ere oso gustura egiten dut".








Albiste gehiago

6.500 lagun Finalean 2024-12-14

Alaia Martin Gipuzkoako txapeldun

Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06

Elixabet Etxandi irabazle Baxe Nafarroako lehen Kopla Topelketa arrakastatsuan

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-12-06

Almen bertso-eskolaren 50. urteurrena Hitzetik Hortzeran

Lanarteak plazaratuta Euskararen Egunaren harira 2024-12-03

Euskararen larrialdiari koplak