Ostiralean jokatu zen Itziarren 2022-05-02

June Aiestaran Gipuzkoako Eskolarteko txapeldun

June Aiestaranekin batean, Jon Mendiluzek ere eskuratu du Euskal Herriko finalean kantatzeko txartela. Gipuzkoako finala afalondoa jokatu zen Lasturko tabernan. Bi bertsolarien hitzak ere jaso ditu Bertsoak.

Joan den ostiralean jokatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finala Itziarren, Lasturko jatetxean. Hiru kanporaketen ondoren sailkatutako sei bertsolari gazte aritu ziren kantuan: Jon Mendiluze, Naia Arrizabalaga, June Aiestaran, Amets Aizpurua, Aratz Lasa eta Danel Etxeberria, Ane Ezenarrok gaiak jarrita. Saio ederra egin zuten bertsolariek, aretoa publikoz beteta zela. June Aiestaran beasaindarrak irabazi zuen txapela eta Jon Mendiluze Irurarra gelditu zen bigarren. Biak Euskal Herriko finalean izango dira. Inaxio Usarraldek jantzi zion txapeldunari txapela. Usarralde gai-jartzailetzan eta aurkezletzan bide luze eta oparoa egin du, baita antolakuntza lanetan ere.

June Aiestaran: "Eskertu dut publikoaren berotasuna"
Gipuzkoako eskolarteko txapelduna gustura eta eroso aritu da finalean: "kanporaketan baino lasaiago eta erosoago. Publikoa ere bero egon da eta eskertu dut berotasun hori". Hurrengo hitzordua Euskal Herrikoan izango du beasaindarrak. Gozatzera joango dela adierazi dio Bertsoari.

Jon Mendiluze: "Saio polita egin dugula uste dut"
Jon Mendiluzek azpimarratu du seikoteak saio polita egin duela eta publikoaren beretasuna berak ere gogotik eskertu du. "Txaloek urduritasuna arintzen laguntzen dute". Irurako bertsolari gazteak ere Euskal Herriko finala izango du hurrengo hitzordua eta bera gozatzera ere joango dela esan du
Entzun hemen bi protagonistek finalaren ondoren Bertsoa.eus-i egindako adierazpenak.

Gipuzkoako Eskolarteko finala herrialdeetako lehenengo finala izan da. Maiatzaren 28an Bizkaikoa izango da Larrabetzun. Ondoren etorriko dira Arabakoa, Nafarroakoa eta Iparraldekoa.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri