Txapelketa Nagusia 2022 - izen ematea 2022-05-03
Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko duten bertsolarien zerrenda publiko egin berri du Bertsozale Elkarteak (zerrenda horri jokatzen ari den Arabako Txapelketako bi bertsolari gehituko zaizkio ekainean).
42 bertsolari izango dira denera. Maialen Lujanbio Zugasti egungo txapelduna bertan izango da eta baita BEC-eko beste azken bost finalista ere: Aitor Mendiluze Gonzalez (egungo txapeldunordea), Sustrai Colina Akordarrementeria, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia eta Unai Agirre Goia. Aurreko finalistetatik, Igor Elortza Aranoa eta Aitor Sarriegi Galparsoro ez dira aterako. Biek duela 4 urte iragarri zuten txapelketa utzi egingo zutela. Beraz, aurten gutxienez bi bertsolari berri izango dira Iruñeko finalean.
Herrialdeetatik sailkatuak
Txapelketan parte hartzeko eskubidea herrialdeetako txapelketen bidez eskuratu dutenen artean, plazan maiztasun batekin dabiltzan gehienak eman dute izena. Hauxek dira guztiak:
Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Iguaran Amondarain, Eneko Lazkoz Martinez, Eñaut Martikorena Lizaso, Gorka Pagonabarraga Agorria, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Imanol Uria Albizuri, Iñaki Apalategi Astigarraga, Iñigo Mantzizidor Larrañaga, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Julio Soto Ezkurdia, Maddalen Arzallus Antia, Maialen Akizu Bidegain, Miren Amuriza Plaza, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Elustondo Plazaola, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas, Oihana Iguaran Barandiaran, Onintza Enbeita Maguregi, Patxi Iriart Hiribarren, Saioa Alkaiza Guallar, Unai Gaztelumendi Arandia, Unai Mendizabal Jauregi, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Xabier Silveira Etxeberria.
Olatu berria: ia erdiak, berriak Txapelketa Nagusian
Txapelketa Nagusi honek duen berritasun mailaren adierazle da lehenengo aldiz parte hartuko duten bertsolari kopurua. Herrialdeetako txapelketetatik izena emateko eskubidea duten 36 bertsolaritatik ia erdiak berriak dira: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Amaia Iturriotz Etxaniz, Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Eñaut Martikorena Lizaso, Gorka Pagonabarraga Agorria, Haritz Mujika Lasa, Imanol Uria Albizuri, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Akizu Bidegain, Patxi Iriart Hiribarren, Saioa Alkaiza Guallar eta Unai Mendizabal Jauregi.
% 62,5 gizonezkoak, %37,5 emakumezkoak
Parekidetasun ikuspegitik, Txapelketa honetako bertsolarien % 62,5 gizonezkoak dira eta %37,5 emakumezkoak. Bada beste datu bat ere. Txartela herrialdeetako txapelketan irabazi dutenak kontuan hartuta, portzentaia %59 / %41 da. Lehenengoz parte hartuko duten bertsolarien artean berriz, proportzioak urrunduz doaz: % 72 gizonezkoak, %28 emakumezkoak.
Jon Maiak txapelketa utzi egingo du
BEC-eko belaunaldian pisu berezia izan duen beste batek ere, Jon Maia Soriak, txapelketaren zikloa bukatzea erabaki du. Lau aldiz izan da finalista zumaiarra eta hirugarren egin zuen 2009an. Zazpi Txapelketa Nagusitan hartu du parte, 1993an hasita.
Beren aukerari uko egin dioten bertsolariak: Jon Maia Soria, Etxahun Lekue Etxebarria, Odei Barroso Gomila, Jokin Uranga Isuskiza, Beñat Lizaso Alberdi, Unai Muñoa Amundarain eta Iñigo Izagirre Urteaga.
Bertsozale Elkarteak iragarri duenez, saioei buruzko informazioa ekainean emango du.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24