Maider Arregi - Señora Sariketako antolakuntza kidea 2022-05-10

"Aurrerantzean, Señora Sariketa ertzeko genero identitate guztientzat zabalik egongo da"

Larunbatean hasiko da bigarren edizioa Hendaian. Iazkotik alderatuta, bertsolari guztiak berriak dira, aukera zabaltasunaren mesedetan. Aurten ere bi ohorezko gonbidatu izango dira finalean kantari, ekainaren 4an Leitzan.

Hendaiako Enbata gaztetxean du lehenengo hitzordua aurtengo Señora Sariketak eta guk Maider Arregi antolakuntza kidearengana jo dugu bigarren edizio honen berritasunak aletzera. "Bertsolari guztiak berriak dira aurten. Iazkotik ez du inork errepikatu eta edizio honetan ere 14 bertsolari berri izango dira, ahalik eta emakume bertsolari gehiagori plaza eskaintzeko helburuz".

Parte hartzeari dagokionez, aurten aldaketa kualitatibo bat ere bada, Oñatiko bertsolariak azaldu digunez: "Emakumeen arteko saretzea aipatzen dugunean badirudi halako emakumetasun esentzial bat ari garela aldarrikatzen. Aurten autokritika hori egin genuen eta aurrerantzean Señora ertzeko genero identitate guztientzat zabalik egongo da".

Umore tonua
Señoraren helburua saretzea izaki, umorea eta lagunarte giroa gailentzen zaio lehiari, Arregiren hitzetan. Eta ez hori bakarrik: "Ohiko txapelketetan pisu handia hartzen duten gaiak, generoa, homosexualitatea... umorez kantatzen dira Señora Sariketan".

Ohorezko bi gonbidatu finalean
Iaz hasitako bideari jarraiki, aurten ere finalean ohorezko bi bertsolari gonbidatu izango dira Leitzan bertsotan. Amaia Agirre eta Onintza Enbeita izan ziren iaz eta aurtengoak nortzuk diren final aurrean iragarriko dituzte. Pertsona horiek egindako ibilbidearen aitortza egitea da helburua.


Kanporaketak Hendaian eta Laudion
Lehenengo saioa Hendaian izango da, Enbata Gaztetxean, 17:00etan, eta honako sei bertsolari hauek ariko dira:
Josune Aramendi Perez
Amaia Iturrioz Etxaniz
Irati Alcantarilla Urdanpilleta
Aner Euzkitze
Paule Loizaga Legarra
Ekhiñe Zapiain Arlegi

Gai-jartzen, Ainhoa Larretxea Agirre ariko da.

Bigarren kanporaketa Laudion jokatuko da maiatzaren 21ean, Aiaraldeko faktorian, 18:00etan hasita, eta kantari:
Leire Vargas Nieto
Irati Anda Villanueva
Andere Arriolabengoa Lopez
Ane Beloki Lopez
Ane Labaka Maioz
Sarai Robles Vitas

Gai-jartzen, Amaia Agirre Arrastoa.

Finala, Leitzan da ekainaren 4an.

Sarrerak, www.bertsosarrerak.eus gunean daude eskuragarri eta bertan ere izango dira.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri