Cantadoriak eta bertsolariak - Azpeitiko saioko kronika 2022-05-24

Bigarrenean biziago

Bigarrenean biziago

Jon Agirresarobe

Hamarretan zen hastekoa, baina, ordua iritsi zenean Andre Congia gitarra-jolearen bueltan lanean ari ziren Sanagustin kulturguneko teknikariak. Sei minutuko atzerapenez igo ziren oholtzara Alaia, Julio, Dionigi eta Guissepe. Ekitaldi kulturalak ez omen dira garaiz hasten Euskal Herrian, baina, sentsazioa dut sardiniarrak ezustean harrapatu zituela Iker Iriarte gai-jartzailearen aginduak: bertsolariak agurrak kantatzen ari ziren bitartean Tenore Murales de Orgosolo eta errezitadoreen taldeko zenbait kide alkandorak galtza barrenetan sartzen ari ziren oraindik.


Argazkia: Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba

Agurretan kantu inprobisatuan eta hizkuntza gutxituan aritzearen poza izan zen ideia aipatuena. Tra Parola e Musica produktorak, ordea, italieraz prestatu zuen Remundu Piras inprobisatzaile sardiniarraren biografia. Sardinian ere txakurrak oinutsik, antza. Bezperatik asko laburtu zuten errezitatzaileen tartea eta nabarmen arindu zen saioa.

Inprobisatzaile sardiniarrak elkarrekin aritu ziren lehenbizi, gerra izan zuten kantagai. Edukiz beteriko saioa egin zuten, kontrako paperak ongi defendatu zituzten, baita abiadura handian abestu ere. Euskal Herrian Campidano eskualdeko inprobisazioaz gozatu izan dugu gaur arte, figura literario askotarikoz osaturiko kantaldi patxadatsu eta gozoa da hura. Guissepe eta Dionigirekin ezagutu dugun Sardinia iparraldeko inprobisazioa biziagoa eta edukiz beteagoa iruditu zaigu, eta erritmoz bertsolaritzaren moldeekin parekoagoa. Baina azterketa eta egonaldi luzeagoa behar dugu tesi horiek fundamentatzeko. Alaia eta Juliok azkenaldian plazan dezentetan entzun dugun gaia izan zuten langai: etorkizun hobearen bila pertsonek munduan barrena mugitzeko duten zailtasuna. Urteko bilduman sartzeko modukoa izan zen.

Hirugarren blokean bi sardiniarren artean baserrirako morroia aukeratzen aritu zen Julio. Erraz sartu ziren dinamikara cantadoriak: beraien aldeko arrazoiak baino bestea zergatik ez aukeratu ere azaldu zuten Bittik eta Porcuk. Bigarren bueltan itxi zuen gaia Gorritiarrak. Alaiak  bakarkako lan ederra borobildu zuen. Hauxe zioen gaiak: “Alaia, egun hauetan, sardiniarrekin hizketan, esan digute inprobisatzaile gutxi daudela irlan, eta emakume ia batere ez. Duela ez hainbeste hemen genuen egoera gogorarazi digu”. Progresio ederra izan zuen oiartzuarrak eraikitako diskurtsoak. Egia esanda, ostiral gaueko nekeak eskertzen du mezu zuzena eta argia: “ze, gizonena da tablatua/eta gizonena plaza” amaitu zuen lehena, “eta lekua hartzeko ere/lekua utzi behar da” bigarrena. Hirugarrenaren egokitasuna usaindu eta osorik idazteko apunteak ere bildu genituen: “Hemen oraindik ez da konpondu/behar adina problema/nahiz eta nahiko eskurik esku/zabaltzen doan sormena/Reimundu Piras aipatu dute/bere testu ta poema, hemen hainbeste testu ahaztuta/ez omen da inorena/herri poeta deitzen dutena/herri poeta gorena/herri poetak ezin du izan/jendarte erdiarena”.


Argazkia: Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba

Neurri motzetan amaitu zuten saioa: puntuka euskaldunek eta duinas deitzen den antzeko moldean sardiniarrek. Ariketa azkarra izanik ez zen pantailan itzulpenik eman. Halako jaialdiek erakusten dute ederra bezain zaila eta behartua dela kantu inprobisatu ezberdinak elkarrekin jartzea. Ahalegin handia egin behar du sortzaileak eta publikoak. Are handiagoa, tartean, korapiloa behar bezala egiteko ardura dutenek: zaintzaileek, gai-jartzaileak eta itzultzaileek.  

Argazkiak: Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri