Gaur Azpeitian hitzordua, 22:00etan San Agustinen 2022-05-20

Cantadoriak eta bertsolariak doinu banatan eta neurri berean, atzo Usurbilen

Sardiniako inprobisatzaileak eta bertsolariak atzo egin zuten elkarrekin bira honetako lehen saioa Usurbilen, 'Improvisa una Antiga Poesia' ikuskizunaren baitan. Bat-bateko jarduna eta Remundu Piras Sardiniako cantadori handienaren inguruko errezitaldi ederrak eman zioten gorputza emanaldiari, publikoaren harrera beroa lagun. Dioniggio Bitti, Guiseppe Porcu, Alaia Martin eta Julio Soto aritu ziren bat-batean, Iker Iriartek jarritako gaien harira. Cantadoriak eta bertsolariak lan gehienak elkarrekin ofiziotan egin zituzten, itzultzaileak lagun, baina bestela ere, elkarri zer transmititzen zioten ulertzen zutela zirudien. Publikoa ere ez zen beti itzulpenaren zain gelditzen ulertzen zuena txalotzeko.


Agurren ondotik, lehen ofizioan gerraren inguruan kantari jarri zituen Martin eta Soto. Ondoren, bi cantadorien txanda. Dioniggio Bitti eta Guiseppe Porcu Euskal Herrira etorri berri eta Bitti asko gustatu zaio ikusi duena, Porcuri batez... umorerako joera handia erakutsi zuten biek ere. Elkarrekin aritu ziren lehen ofizioan, Soto eta Porcu Orioko hondartzan jarri zituen Iriarte gai-jartzaileak. Porcu, iritsi bezala, larrugorritan jarri eta barrura. Soto, hankapunttak busti ordurako, atzera. Itzultzaileen bat-bateko lana errazteko-edo, Sotok Orioko hondartzan balea zebilela eta ez zela ausartzen bota zion. Sardiniarrak gogotik eutsi zion bere ausart paperari eta epelak entzun zituen gorritiarrak, balea plaktona jaten zutela eta gizakiak, jarrera bildurti horrekin nora iritsiko zen bizitzan...

Ama-semeak
Remundo Piras handiaren minetako bat zazpi urterekin ama galtzea izan omen zen. Horren harira, Martin eta Bitti ama-semeen paperean jarri zituen gai-jartzaileak. Semeak cantadori izan nahi zuen baina amak ez zuen gustuko bide hori. Oso elkarrizketa ederra egin zuten biek.

Remundo Pirasen inguruko errezitaldia
Bat-bateko saioak eta errezitaldia uztartu zituen jaialdiak, lau errezitalari eta korua lagun. Pirasen bizitzaren eta obraren inguruko azalpenak ematen ziren, intentsitate bizian eta pantailako itzulpenaren bidez erraz jarraitzeko moduan.


Bi ordu inguruko ikuskizuna izan zen eta publikoak zutik txaloka eskertu zuen emanaldiaren parte izan ziren ia 20 artisten lana. Itzultzaileek ere, bai belarrira eta bai pantailan ere lan ederra egin zuten eta gogotik eskertu zuen publikoak.

Gaur Azpeitian, Sanagustin kulturgunean, 22:00etan
Improvisa Una Antiga Poesia bertso eta poesia errezitaldiaz gozatzeko gaur izango da azken aukera. Europan barrena bira egiten ari da Tra Parola e Musica taldea eta lehen geldialdia Euskal Herrian egin du. Gaur Azpeitian izango da hitzordua, 22:00etan Sanagustin kulturgunean.

Bertsoa.eus Usurbilen izan zen
Bertsoa.eus-ek atzoko emanaldia grabatu zuen eta baita Sardiniako protagonisten testigantzak jaso ere haien kantu inprobisatuaren berri gehiago jakiteko. Datorren astean zabaluko ditugu emanaldia eta elkarrizketak.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri