Leitzan, ostiralean 2022-05-30

Jexux Mari Irazuk irabazi du Mingañe Saltsan sariketa, Jone Uriarekin buruz burukoa jokatuta

Jexux Mari Irazuk irabazi du Mingañe Saltsan sariketa, Jone Uriarekin buruz burukoa jokatuta

Mingañe Saltsan sariketako lehenengo edizioko finala jokatu zen ostiralean Leitzan, herriko bertso eskolak antolatuta. Hiru kanporaketetan aurren-bigarren geldituta, Jone Uria, Iban Urdangarin, Oihana Bartra, Jexux Mari Irazu, Eneko Lazkoz eta Josu Sanjurjo aritu zen kantuan afalondoan, Torrea taberna erabat beteta zela. Antolatzaileek sei bertsolariek emandako maila eta giro beroa azpimarratu zituzten.

Umore tonuko ofizioak izan zituen batez ere sariketak, gai orokorra eta ondokoari kantatzekoaz gain. Ofizioetan, bertsolariek hautatzen zuten bai neurria eta bai nor hasi. Lehenengo fasetik, Jone Uria eta Jexux Mari Irazu sailkatu ziren buru bururako. Azken txanpa horretan, sei puntukoan ofiziotan eta bost minutuz puntuka librean aritu ziren Uria eta Irazu.

Irazuk Miel Mari Elosegi Luze bertsolariaren eskutik jaso zuen garaikurra, Leitzako jaietan jantzi ohi dena blusa beltza eta Leitzako herriko jaietako jaialdian kantatzeko gonbitea.

Mingañe Saltsan sariketa belaunaldi eta estilo desberdinak mahai bueltan elkartzeko ekimena izan da eta oso harrera ona izan du jokatu diren lau saiotan.

Hemen Jexux Mari Irazuk bukaeran kantatu zuen agurra:

Milesker bertso eskolari
ta mingaina saltsan beti
Harituzekoei berdin
sparring eta aterki
kantu kideok plazer bat
gaur sentitu naiz ederki
entzule, berotasun hau
nola eskertu baneki
garai ez hain samurretan
behar du zeinek atxiki
gaur oroitu nahi nituzke
nere etxeko, nere txiki (bis)
euskarri izan ditudanak
danak ta zu bereziki



Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri