Oier Iurramendi - Bertsozale Elkarteko Sustapen eragilea 2022-07-13
Bertsozale Elkarteak 2022ko lehen sei hilabeteko plazaren irakurketa egin du. Oier Iurramendi Sustapen eragilearengana jo dugu oraingoan datuen balorazio eske.
Datuek erakusten dute bertso plaza 2019ko datuetan dabilela 2022an, libreko eta lagunartekoak itzulita. Zein balorazio egiten du Bertsozale Elkarteak?
Pandemia etorri aurretik ere plaza aztertu eta jarraipena egiteko intentzioa bazuen Elkarteak. Pandemiaren eraginez ordea atal hau indartzeko beharra ikusi genuen, oso denbora gutxian panoraman goitik behera aldatu baitzen. Bertsolaritzaren ekosisteman parte garrantzitsua diren libreko eta lagun-artekoak galtzea kezka iturri izan da azken bi urteotan, eta bere errekuperazioan jarri dugu begia.
2022al albiste onak ekarri dizkigu zentzu honetan, udaberrian batez ere gorakada handia izan dute saio horiek eta 2019ko egoerara hurbildu garela esan genezake. Balorazio beraz oso ona da, bi urte eta gero ez genekien saio horiek zein bilakaera izango zuten, edo antolatzaileak saio horiek berreskuratzera animatuko ziren eta oraingoz itzuli direla dirudi. Datozen hilabeteak eta udara ere garrantzitsuak izango dira norabide honetan. Plazako saioek presentzia handia izaten dute garai honetan eta ikusi beharko da joera hau mantentzen dugun.
Zein titular nagusi azpimarratuko zenituzke?
Plaza bizi-bizi dagoela esango nuke. Oraindik errekuperazio osoaz hitz egiteko goizegi bada ere, momentu honetan bertso plazak presentzia handia du Euskal Herri osoan, eta poz hori aitortu behar dugula uste dut. Aurrerago beste mezu bat eman behar izatea tokatu daiteke, baina oraintxe hori ateratzen zait. Nire ustez saio moten orekaren itzulera ere bada horren adierazgarri. Saio kopuruak bakarrik ez, bertsolaritzaz gozatzeko formatu ezberdinen eskaintza egotea ere oso berri ona da.
Parekidetasun ikuspegitik, gizonezko bertsolariak % 53 eta emakumezkoak % 47 izan da saioen banaketa lehen sei hilabeteetan. Hamar urtean % 25 igo da.
Azken urteetan gorakako bilakaera nabarmena izan du plazan emakume bertsolarien parte-hartzeak. 2018tik hona, batez ere, urtero koska handia izaten da. Sakonago aztertuta ikusi daiteke jaialdi, bertso bazkari/afari, libreko eta bat-bateko berezietan alde handia dagoela. Parekideena jaialdia izaten da, eta bertso-bazkari/afari eta librekoetan gizonezkoek gehiago kantatzen dute oraindik. Bat-bateko bereziek ere asko laguntzen dute oreka horretan, Ez da Kasualitatea bezalako bertso saioek arrakasta handia dute eta asko ugaritu dira azken urteetan.
Adibide bat esatearren, 2012 emakumezkoek 870 parte-hartze eduki bazituzten plazan, aurtengo datutan 1800 saio egingo lituzkete. Plazan gehien dabiltzan bertsolari emakumezkoekin ere antzerakoa pasatzen da. Duela urte batzuk plazan modu erregularrean zebilen emakume kopurua txikiagoa zen gaur egungoa baino.
Publikoaren estimazioa ere eskaini duzue aldi honetan? 36.500 entzule denera. Zein da balorazioa datu horrena?
Balorazioa egitea zailagoa da, ez baitugu non konparaturik. Datu hau 2021an hasi ginen biltzen eta aurrera begira analisirako garrantzitsua izango da. Saio asko antolatzen bada, bertsozaleak erantzuten duelako da normalean, eta azken hilabeteetan izan dugun kultur eskaintza zabala ikusita datua oso ona dela esan genezake.
Gazte sariketak ere indar handiz itzuli dira? Zenbat izan lehen sei hilekoan?
80 saio inguru egin dira sariketen atalean. Sariketak plaza bezala kontatzen ez baditugu ere, gure ekosistemaren parte garrantzitsua dira eta bere tokia behar du analisietan. Izan ere, normalean gazteen promozioa bultzatzen dute, eta aukera bikaina izaten da etorkizunean plazan arituko diren bertsolariak entzuteko.
Agendaren arabera, uda ohiko martxan doa kopuru aldetik...
Bai hala dirudi. Goiz da oraindik datuak aztertzeko, baina martxa ona darama oraingoz. Herrietako festen itzulerak saioak antolatzea dakar eta hori nabaritu da bertsolarien agendetan. Udazkenerako entrenamendu bikaina izaten da plaza eta testuinguru ona ematen dio Euskal Herriko Txapelketaren itzulerari. Bertsolariek diotenez, saioetan kantatzeko eskaeren denborak ere asko luzatu dira. Pandemia garaian azken orduko saioak antolatzen ziren, aste edo hilabeteko aurrerapenarekin. Orain berriz dagoeneko urte amaiera edo datorren urterako saio batzuk lotzen hasiak dira antolatzaileak, eta horrek lasaitasuna ematen du.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24