Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarain - Lokatz Loreak 2022-07-21
Lokatz Loreak taldeak Saio frikiak izeneko bost jaialdiko egitaraua zabaldu berri du sarean, abuztuan eta irailean egingo dena. Ekimen honen berriteko, sareko plazara ekarri ditugu Lokatz Loreak taldeko hiru kideak: Janire Arrizabalaga, Araitz Katarain eta Izaro Bilbao. Bertsolaritzan espazio propioak sortzeko testuinguruan kokatu dute ekimen hau. Kasu honetan, frikismoa bertsolaritzara eramatea aldarrikatu eta egin dute.
Hasteko, zer da eta zein helbururekin sortu da Lokatz Loreak?
Egia esan nahikoa modu xelebrean sortu zen, Bizkaiko Emakume bertsolarien topaketan. Horrez gain, Ahalduntze bertso eskola ere talde hau sortzeko giltza izan zen. Gutariko bi bertan ezagutu ginen, eta erdi kasualitatez edo erdi nahita, topaketako egunean hirurak bildu eta zerbait egitea erabaki genuen. Batzuetan gure bertso-munduratze prozesuan aski lekuz kanpo sentitu izan garen arren, lora zitekeen lokatz putzutxo bat eratu zela sentitu genuen.
Friki saioak, aldiz, txantxa bat baino ez ziren hasieran. Komentario barregarri bat egin genuen gure frikismoa bertsotara eraman behar genuenaren inguruan eta denborarekin ideia zoro bat bezala hasi zena errealitate bilakatu da. Hala ere, broma honek atzetik
helburu sakonago bat dauka, eta hau izan da gure egiazko pizgarria: bertsolaritzan badaude oraindik sortu ez diren espazioak eta falta horretan deserosotasuna etor daitekeenez, gure espazio propioak sortzea erabaki genuen. Horri lotuta, saiotara datorren edonor berea den leku baten dagoela sentitzea gustatuko litzaiguke, edo gutxienez leku berri bat frogatzeko eroso sentitzea.
Ez da kasualitatea, Señora Sariketa, eRRe, etab. bezalako plazek gugan izugarrizko eragina izan dute. Izan ere, bertsoa aurkezteko molde desberdin horietan islatuak ikusi ginen eta are gureagoa den plaza bat antolatzeko grina sortu zuten. Zer da gureago ba, friki izatea baino? Egia esan, orain artean jasotako erantzunengatik ematen du ez zela soilik gure beharrizan arraro bat.
Nortzuk osatzen duzue Lokatz Loreak taldea?
Oso talde txikia gara; Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga besterik ez. Agian batzuentzat arraroa izan daiteke nahaste hau, bertso eskola desberdinetan aritzeaz gain gure izaerak nahiko ezberdinak baitira. Hain zuzen ere gure arteko kontrastea izan da taldea horren ondo funtzionarazi duena.
«Ez da egunero ikusten Gryffindor eta Slytherin baten arteko ofizioa».
Zer azpimarratuko zenuke antolatu duzuen egitarautik?
Gure ustez, bi faktore dira saio hauen horren bereziak izateko koska; batetik, ikus-entzunezkoak duen eragina, izan ere gaiak aurkezteko proiektore batetaz baliatuko gara eta horrez gain mozorroak nahiz girotzeko elementu ugari erabiliko ditugu. Bestetik,
argi dago azalduko diren gai batzuk soilik saio hauetan entzun ahalko diren gaiak direla, ez baita egunero ikusten Gryffindor eta Slytherin baten arteko ofizioa. Irrikitan gaude gure buruan hain berezia dena nola gauzatzen den ikusteko. Probabilitate handia dago une bitxi zein ahaztezin ugari bizitzeko zirkuito honetan zehar, oraingoz behin bakarrik gertatuko den zerbait da, beraz galtzea pena litzateke.
Saio tematikoak izango al dira, zein enfoke aurreikusten duzue, sorpresa izango da?
Enfokeari buelta anitz eman dizkiogu, eta uste dugu bertsolaritzak mapatik kanpo utzi duela gure alde frikia. Hutsala izan daiteke beharbada, baina izugarri gozatzen dugu magia eta memeak bezalako gaiez hitz egiten, ukaezina baina jendartearen parte direla. Beraz, gure alde hori baztertu beharrean indartzearen hautua egin genuen. Saioak bertsolariek (eta entzuleek) barruan daramaten friki hori ateratzeko espazio seguru bat izango dira.
21 bertsolarik hartuko dute parte, profil eta adin desberdinetakoak…
Bai, adin, genero, gustu zein presentzia ezberdinetako bertsolariak bildu ditugula nabari da eta egia esan, ez da kasualitatea izan. Aukeraketa zehatza egin dugu zein bertsolari nahi genituen gure ekimenean eta penaz geratu gara nahi genituen guztiak deitu ezinda. Hala ere, ezin pozago gaude osatu dugun izen zerrendarekin, frikia izateko ez baitaukazu molde jakin batekoa izan beharrik. Hori bai, aipatu beharra dago bertsolari bizkaitarren presentzia bermatu nahi izan dugula, kasu askotan gure bertso eskoletara eta orain artean bidelagun izan dugun jendearengana jo dugu. Haiek eman izan diguten babesa bueltatzeko momentua iruditu zaigu, oso kontziente baikara nori zor diogun honaino heldu izana. Oro har, ahal izan dugun neurrian plaza askorik ez duen bertsolari profila kontuan hartzen saiatu gara. Horrela, proiektua bera bezain konbinazio bereziak ikusteko aukera izango dugu, beste egoera baten elkarrekin abesteko aukera izango ez luketen bertsolariak bateratuz. Elkarlan polit bat sor dezaketen laukote eta bostkoteak bildu ditugula antzematen dugu, magikoa izan daiteke.
Gai-jartzaile eta aurkezle lanak hiruren artean egingo dituzue, hor ere terreno berriak probatzeko gogoa?
Egia esan gai-jartzaile lanak egite hutsa guretzako dezente terreno berria da, bertsolariak izanik gaiei kantatzera ohitu baikara eta ez gaiak horiek prestatzera. Hala ere, gogotsu gaude zirkutu hau bitxikeriz betetzeko eta horretarako luze aritu gara prestaketan,
izan ere duela bi hilabete hasi ginen eta oraindik bueltaka gabiltza. Aipagarria da baita prozesua konplexua bezain gozagarria iruditu zaigula, eta orokorrean oso ondo pasatu dugu buruhauste artean. Orain bertsolariek emandako materialarekin zer osatzen duten ikustea besterik ez zaigu falta, baita oholtzan errimatu gabe nola moldatzen garen frogatzea ere. Nabarmendu nahi genuke, hala ere, gai-jartzea sormenarekin lotutako eremu bat dela, nolabait gure sentitzen duguna oraindik. Antolakuntza, aldiz, nekezagoa egin zaigu: diru bilketa, espazioen kudeaketa, datak zaintzea… Soberan genekien ez zela erreza izango eta bideak erakutsi digu, kontziente ginen arren, zer nolako lan ikaragarria egiten duten antolatzaileek bertso-munduan. Noski, oso ondo pasatu dugu honetan ere, erraztasunez moldatu garelako elkarlanean aritzeko eta gure lanari momentu oro erantzun positibo bat eman izan zaiolako, zorionez. Izugarri gustatu zaigu prezesua bera eta argi dugu ez dela, zortea bada medio, azken aldia izango.
Azpimarratzeko beste punturik edo aipatzekorik?
Beno, uste dugu hiru gaztek beraien kabuz antolatu duten proiektua dela jakinik ez dagoela esan beharrik nahikoa modu prekarioan prestatu dugula. Horrez gain, espazioari dagokionean, jakina da saio guztiak gaztetxeetan direla eta zirkuitoko elementu gehienak
bezala, ez da kasualitatea izan; toki hauek gurea diren toki bezala kontsideratzen ditugu eta horrek sortu nahi dugun giroari izugarrizko ekarpena egiteaz gain, esan beharra dago erraztasun ugari eman dizkigutela.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24