Finala abenduaren 1ean, Bilbon 2022-11-07
Atzo hasi zen Bertsolari Gazteen XXX. BBK Sariketa Markina-Xemeinen eta Lea Artibaik irabazi zuen lehenengo kanporaketa, Arratiako taldea kantukide zuela. Finala abenduaren 1ean izango da Bilbon.
Aurten, finalarekin batera, urteurren jaia ere egingo da, BBK Sariketako aurkezpen ekitaldian iragarri zutenez. Oihana Bartra bertsolaria, Juanjo Respaldiza Ikastolen Elkarteko ordezkaria, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Koldo Bilbao BBK-ko kultura arduraduna izan ziren bertan.
Txapelketaren egitura
Bertsolari Gazteen BBK Sariketa taldekako txapelketa da, eta talde bakoitzean, gutxienez, sei kidek kantatuko dute, bi multzotan:
A mailan: 18 urtera arteko hiru bertsolari
B mailan: 19 urtetik 25 urtera arteko hiru bertsolari
Aurten ere, azken urteetan moduan, sei bertsolariko zortzi taldek hartuko dute parte, eta beraz, 55 bertsolari inguru arituko dira kantuan. Eskualde bakoitzak talde bat osatuko du, hurrengoak izango dira: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe, eta Uribe-Kosta.
Bertsolari Gazteen BBK sariketaren ezaugarri nagusienetako bat taldeka jokatzen dela da. Hau da, taldekideen lana talde moduan baloratzen da eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera.
Kanporaketa bakoitzeko talde irabazlea finalaurrekoetara sailkatzen da, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalera.
Saioz saio, finalera arte
BBK Sariketak aurreko urteetako egitura berbera edukiko du. Lau kanporaketa jokatuko dira lehenengo, finalaurreko bi gero, eta azkenik, finala.
Entzuleei dagokienez, berrikuntza
Lehenengo faseko lau saioak eskola-ordutegian egiten dira, eta ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Aurten, gainera, bi finalaurrekoak arratsaldez izango dira, eta euskaltegietako ikasleak izango dira entzuleak. Edozein kasutan, saioak irekiak dira, eta gura duena hurreratu daiteke.
Bereziki, finalera etortzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek. Finala BBK Salan izango da abenduaren 1ean, 18:00etan hasita, eta sorpresaz betetako jai batekin borobilduko dugu.
Urteurren jaia
30 urteko ibilbidea egin du dagoeneko Bertsolari Gazteen BBK Sariketeak, eta hori ospatzeko ekitaldi berezia egingo da finalagaz batera, abenduaren 1ean. Bertan momentu hauetan guztietan sariketa honen parte izan diren bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak... batuko gara, egindako bidea gogoan hartu eta ospatzeko. Sariketa amaitzeagaz batera, sorpresa txikiz beteriko egitaraua izango dugu. Protagonistak eskualde bakoitzeko bertsolari bana izango dira: Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria, Idoia Anzorandia eta Igor Menikaren gidaritzapean.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24