Txapelketa Nagusia - Finalaurrekoak 2022-11-10

Lehen itzuliko azken saioa Durangon

Lehen itzuliko azken saioa Durangon

Jexux Mari irazu

Txapelketa Nagusiko finalaurreko lehen itzuliko azken saioa jokatuko da Durangon larunbatean. Oholtzan, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Aitor Bizkarra, Julio Soto, Eñaut Martikorena eta Saioa Alkaiza, Ane Ezenarrok aurkeztuta. Saioko irabazleak Bilbon kantatuko du abenduaren 3an bigarren itzuliko azken finalaurrekoan.

Faseko azken saioek berekin ohi duten foku berezi hori izango du Durangok. Bigarren itzulian kantatuko duen 18 bertsolariko zerrenda erabakitzeaz gain, larunbatean argituko da finalaren atarian bakoitzak zein kartekin jokatu ahal izango duen.

Kartela, txapelketa klabean: egungo txapeldunordea (eta bost aldiz finalista), bi aldiz finalista eta Gipuzkoako txapelduna, Nafarroako bi txapeldun eta Txapelketa Nagusian indartsu sartu diren bi bertsolari gazte. Bost gizonezko eta emakumezko bat.

Aitor Mendiluzek (Andoain, 1975) zazpigarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa (Lujanbiorekin batean, parte hartze gehien dituena aurtengo kartelean). 1997an kantatu zuen lehen aldiz 22 urterekin, Gipuzkoako lehen txapela jantzi eta bi urtera. Finaleko atean gelditu zen orduan eta 2001etik aurrera finalean izan da beti. Txapelarena ez beste gailurrak iritsia da. 2001ean hirugarren egin zuen eta 2017an txapeldunordea izan zen, Lujanbiorekin buruz burukoa jokatuta. 2017ko Txapelketa Nagusian ere Durangon kantatu zuen lehen finalaurrekoan. Irabazi eta 740,5 puntu eskuratu zituen. 47 urte betetzear eta ia 30 urteko bidea darama plaza eta txapelketako lehen lerroan.

Beñat Gaztelumendik (Añorga -Donostia-, 1987) laugarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa. 2009an kantatu zuen lehen aldiz 22 urterekin eta finaletik gertu gelditu zen orduan. 2013ean eta 2017ean BEC-en kantatu zuen añorgarrak. 2019an Gipuzkoako Txapela jantzi zuen bigarrengoz jarraian. Finalaurrekoetan maila ez ezik, oreka handia erakutsi du Gaztelumendik, jokatu dituen azken lau finalaurekoetan 695-700 puntu eskuratu ditu. 2007an Gipuzkoako buruz burukoan sartuta, azken 15 urteotan plaza eta txapelketako goi mailan dabil Gaztelumendi.

Aitor Bizkarrak (Abadiño, 1996) bere lehen Txapelketa Nagusia du eta ate handitik sartu da, Lizarrako kanporaketa irabazita (693,5). 26 urteko abañoarrak bere onena eman eta bigarren itzulira pasatzea jarri zituen helburutzat Bertsoa.eus-i eskainitako elkarrizketan. Ez zuen bere burua finalerako lehian ikusten, baina, duela hilabete pasako kontuak dira horiek. Azken bi ediziotan Bizkaiko finalista izan da eta plazan esperientzia biltzeko aukera izan du.

Julio Sotok (Iruñea, 1987) laugarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa eta aurreko hiruetan finalaurreko bigarren itzulian kantatu du Gorritin bizi den bertsolariak. Gotaine-Irabarneko kanporaketan (691) eskuratu zuen Durangorako txartela. Bertsotan gustura aritu zen Soto saio ondorengo adierazpenetan azaldu zuenez, bereziki ganbarako lanean, denbora muga gainditu izanaren zigorra jaso bazuen ere Nafarroako txapeldun ohiak. Dozena urtetik gora daramatza plazan eta txapelketan lan handia eginez.

Eñaut Martikorenak (Hernani, 1995) lehenbiziko Txapelketa Nagusia du eta Donostiako kanporaketan (674,5) eskuratu zuen Durangorako txartela, Nagusiko bere estreinaldian. Bertsotan gauza oso bereziak eta zailak egiteko gaitasuna erakutsia du eta Donostiako saioan utzi zuen horren adibiderik. Bertsotan hasi aurreko denborak ere asko mozten ditu Martikorenak. Ganbarako lanean, 10 segundu hartu zituen Donostian bederatzi puntuko putzura jauzi egiteko. Beste 6 inguru, txaloak isildu eta hurrengo bertsoak hasteko. Sariketetan eta txapelketan nabarmenduta, plaza jendetsuetan kantatzea ere zer den badaki Martikorenak.

Saioa Alkaizak (Iruñea, 1991) bere lehen Txapelketa Nagusia du eta Arrasateko kanporaketan bigarren postua eskuratuta (673) kantatuko du Durangon larunbatean. Bertsolari iruindarra «konforme» gelditu zen Txapelketa Nagusiko bere lehen saioan egindako lanerekin. Lehena izaki, bere burua lotu samar somatu zuen eta bertsotan gehiago fintzeko gai dela sentitu zuen. Urtebete honetan, Alkaizak jauzi handia egin du bere urte luzeetako bertso bidean. 2021ean lehenengoz Nafarroako finalean sartu eta txapela irabazi zuen. Plazako presentzian eta esperientzian jauzia ekarri dizkio horrek lehendik zekarren ibilian.

Epaile talde bera
Elizondon, Doninbane Garazin eta Irunen bezala, Durangon ere epaile talde bera ariko da saioa epaitzen: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.

Sarrerak eskuragarri internetez
Durangorako sarrerak eskuragarri daude betiko bideetan: aldez aurretik, internet bidez www.bertsosarrerak.eus gunean eta egunean bertan takillan.

Langak argitzen

Jexux Mari irazu

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri