Txapelketa Nagusia - Finalaurrekoak 2022-11-17
Bost urteren ondoren Amurriora itzuliko da Txapelketa Nagusia. Finalaurreko bigarren itzuliko lehena izango da larunbatekoa. Baiona eta Bilbo etorriko dira jarraian. Oholtzan Alaia Martin, Oihana Iguaran, Aitor Bizkarra, Agin Laburu, Miren Artetxe eta Onintza Enbeita, Beñat Vidalek aurkeztuta.
Alaia Martin lehen itzuliko sailkapen buru dator 729,5 punturekin eta Elizondoko garaipenak eman zion Amurriorako txartela. Orain arteko bere bi saioak irabazi ditu oiartzuarrak.
Oihana Iguaranek, berriz, (688,5) Donibane Garazin irabazita eskuratu zuen Amurrioko postua. Amasarra seigarren postuan dago behin-behineko sailkapenean, finaleko postuetan.
Aitor Bizkarrari (677,5) joan den larunbatean Durangon egindako lanak eman dio bigarren itzuli honetarako sarbidea. Agin Laburuk (677) Elizondoko finalaurrekoan ondutakoak. Sailkapenean pare-parean daude biak, bederatzi eta hamargarren postuan, puntu erdiko aldearekin. Finaleko behin-behineko langatik 10,5 eta 11 puntura.
Miren Artetxek (644,5) Irunen eskuratu zuen Amurriorako txartela. Hendaiarra 15. postuan sailkatu da lehenengo itzulian, finaleko langatik 43,5 puntura.
Onintza Enbeitak (639,5) Elizondon irabazi zuen larunbatean Amurrion kantatzeko txartela, lehen itzulian 16. postuan sailkatuta.
Bertso bat gutxiago: 14na bertso puntuagarri
Finalaurreko bigarren itzulian 14na bertso puntuagarri kantatuko dituzte, kanporaketetan eta finalaurreko lehen itzulian baino bat gutxiago. Beraz, orain arte 700 puntuko langa zena, bigarren itzuli honetan 653 puntukoa izango da.
Bost bertso ganbarako lanean
Bada beste aldaketa nabarmen bat ere aurreko faseetatik: 14 bertsotik 5 ganbarako lanean botako dituzte bertsolariek. Bina punturi erantzun beharko diete lehenbizi eta gai bati hiru bertso kantatu jarraian. Horiez gain, hiru ofizio egin beharko dituzte. Hamarreko txikian hasi, zortziko handian gero eta zortziko txikian amaitu. Hortik, ganbarako lanera.
Bigarren itzulian ere epaile talde bera hiru saiotan
Txapelketa Nagusian zehar epaile talde bera aritu da fase osoa epaitzen eta fase batetik bestera epaile talde osoa berritu da. Finalaurreko bigarren itzulian ere zazpikote berria sartuko da zeregin horretara. Honako zazpi epaile hauexek ariko dira Amurrion, Baionan eta Bilbon: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Larunbatean idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga ariko dira.
Bertsoa.eus-en zuzenean eta igandean bertsoak sarean
Bigarren itzuliko finalaurreko guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira Bertsoa.eus-en, Eitb.eus-en eta ETBko laugarren katean. Larunbat gauean, ETB1n ganbarako lana ikusi ahal izango da diferituan, 23:00etan hasita. Igandean, bertsoaldi guztiak sarean izango dira eta Hitzetik Hortzeran emango da aukeraketa, ETB1n.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24