Zutabea 2022-10-20

"Pasioz bizi dugu zuek erakutsi zeniguten hitzaren jolas hau"

"Pasioz bizi dugu zuek erakutsi zeniguten hitzaren jolas hau"

Gorka Pagonabarraga Agorria

Ederrak, Lazkano, benetan ere, udaberritik udarako tarte horretan izan genituen gau-giro eta tertuliak. Egoeraren ederrak eraginda idealizatu nituen akaso, baina Durangaldeko Kopla Txapelketaren ostean, ordu txikitan, bertso ikaragarriak bota zenituela dut gogoan; ederto jo zenigun adarra zure estilo finarekin. Izango ez du ba, noizbehinka bertsotara itzultzeko gogoa, horrelako bertsolariak! Ordukoan lez luzatu zitzaigun gaua besteren batean ere, hartaz eta honetaz berbetan, eta puztuta itzuli ginen etxera, mundua konpondu genuelakoan. Esango nuke atzera elkartzeko aitzakia bilatu beharko dugula, mundua betiko bide okerretan dabil eta.

Gaitzak gaitz, pozgarria zait erreleboaz diozuna. Egia da, gure eskualdean behintzat, talde polita dagoela bertsoaren inguruan eta bagarela hainbat gazte plazan apur bat muturra sartzeko zortea izan dugunak. Pasioz bizi dugu zuek erakutsi zeniguten hitzaren jolas hau, eta esango nuke, ekite horretan geure inguruko jendea bertsozaletu izan dugula. Euskararen egoerak eta helmenak mugatuta betiere, baina sasoiko dago bertsoa.

Durangaldeaz ari naiz, baina alde denetan kontuak ez dira berdinak izango eta Irun aldera botako diot puntua, punturik erantzun gabe uzten ez duen Igauri Lopetegiri. Gasteizen egin ginen lagun Igauri eta biok, ikasle pisu batean pandemia betean, kalera irten ezin eta gauak etxe barruan luzatu behar izaten ziren garaian. Makina bat bertso eskola egin ditugu harrezkero, zenbat bertso txar ez ote dugun bota. Baina elkar ondo ezagutu dugun arren, ez gara sarri joan bata bestearen parajeetara. Esan ba, Igauri, zelan jaso zenuten bertsoa eta ze diagnostiko egingo zeniokeen zure eskualdeari. Badaukazu nahi beste aukera bertsotarako? Zer egin nahi zenuke plazan?

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-10

Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-03

Hitzetik Hortzera, bertsotik versora

Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24

«Oso gustura ari naiz bertsotan eta lortzen dut egindako lana plazara ekartzea»

Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12

Hitzetik Hortzera: Bertsoz-bertso hariz hari