Txapelketa Nagusia - Finalista berriak 2022-12-06
Jexux Mari irazu
Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Joanes Illarregi dira 2022ko finalista berriak. 25 urte egin behar da atzera final batean hiru finalista berri topatzeko. Aurtengo hiru berriek finalera sartu zirela jakin zuten momentuan sentitu dutena jaso du Bertsoa.eus-ek. «Poza» azpimarratu dute Ibarzabalek eta Martinek. Oiartzuarrak Baionako finalaurrekoa jokatu zen egunean matematikoki finalean sailkatu zen eta Ibarzabal ere ia bi hankak finalean zituela gelditu, Baionan irabazita. Joanes Ilarregik Bilboko oholtzan pasa zuen trantze hori. 621 puntura jaitsi zen puntuaketa, sailkatzeko behar zuen mugara eta bere izena entzuteak eman zion lasaitua kontatzen digu.
Finalera, eguna gozatzera baina lanerako jarreran eta grinez doaz hirurak ere, Bertsoa.eus-i azaldu diotenez.
Nerea Ibarzabal: «Amets izugarri handi bat beteta ikusi dut»
Nerea Ibarzabal Txapelketa Nagusiko finalera sailkatu da lehenengoz, 28 urterekin, Irungo finalaurrekoan bigarren egin eta Baionakoa irabazita. Bigarren Txapelketa Nagusia du eta 2017an finaleko atean gelditu zen. «Izugarrizko poza eta amets izugarri handi bat beteta» ikusi duela dio. Finala, lasai hartu nahi luke. Momentua bizi baina lanera doala kontziente.
Alaia Martin: «Poz handi bat dut eta poz horretatik lanerako grina»
Alaia Martinekk Txapelketa Nagusiko bere lehenbiziko finalean kantatuko du Iruñean, bere kanporaketa eta bi finalaurrekoak irabazita. Sailkapen buru sailkatu da oiartzuarra. Hirugarren Txapelketa Nagusia du eta 2013an finaleko atean gelditu zen. Finalean izango zela jakinda «poz handia» sentitu zuen eta «lasaitasuna» ere bai bizi nahi zuen egun bat bizitzeko aukera izango duelako. Lanerako grinez doa finalera, bultzada kolektiboaren parte izatera.
Joanes Illarregi: «Nire izena entzun nuenean lasaitasuna hartu nuen eta finalean orain arteko lana borobildu nahiko nuke»
Joanes Illarregi Txapelketa Nagusiko finalean sartu da 23 urterekin, bere lehen parte hartzean. Finalista gazteena ez ezik, bertsolaritza garaikidean Txapelketa Nagusiko finalean kantatuko duen lehen bertsolari nafarra izango da, XX. mendeko 60. hamarkadan kantatu zutenei lekukoa hartuz. Bilbon, sailkapena esaten ari zireneko momentuan sentitu zuena azaldu digu leitzarrak... behar zuen puntu mugara iritsi eta bere izena entzun. Finalera orain arteko lana borobiltzera eta finala bera ederra izan dadin eginahala egitera.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24