Txapelketa Nagusia - finala 2022-12-13

Iruñeko finalerako dena prest

Dena prest eta zortzi finalistak beren onena emateko grinez dira igandeko finalera begira. Goizeko 11:00etan hasiko da Iruñean jokatuko den Txapelketa Nagusiko lehenbiziko finala. Arratsaldeko saioa, 17:00etan. Sarrerak irailerako agortuta, 13.000 lagun inguru bilduko dira Nafarroa Arenan eta beste milakak jarraituko dute telebistaz, sarean zein irrati bidez.

Bertsozale Elkarteak gaur goizean egin du finaleko prentsaurrekoa. Bertan izan dira Gontzal Agote Lehendakaritza Taldeko kidea, Oier Iurramendi antolakuntza burua eta zortzi finalistak izan dira ekitaldian: Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Joanes Illarregi eta Amets Arzallus. Irabazleari Iñaki Muruak jantziko dio Txapela. 


Ezkerretik, Gontzal Agote eta Oier Iurramendi.

Pandemiak urtebetez atzeratzera behartutako Txapelketa Nagusia izan da 2022koa eta bertso plazak kezkatzeko geldialdia jasan ondoren etorri da. Testuinguru hori ekarri du gogora Gontzal Agotek: «Esan izan dugu askotan bertso plaza dela bertsolaritzaren hauspoa eta hura gabe ez dela txapelketa ulertzerik».

«Plazan dagoen aniztasunaren isla»
Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak azpimarratu du txapelketa formatuak ezartzen dituen baldintza bereziekin ere, «txapelketa izan dela plazan dagoen aniztasunaren eta errealitatearen isla: bertsokeran, gaien heldulekuetan, ertzak bilatzeko maneretan, bide berritzaileak urratzen, ekarpenak egiteko ahaleginean, norberaren begirada lantzean... hori guztia eta gehiago eman digu orain arte txapelketak».

Txapelketa eta plaza hari bereko bi muturrak direla adierazita, finalean ere «bakoitzak beretik, gaur egun bertsogintzaren aberastasun horren lagin ederra izanen dugu» azpimarrratu du Bertsozale Elkarteko ordezkariak.

Bertsolarien hitzak
Zortzi finalistek txapelketan zehar izan dituzte sentipenak eta finalerako asmoak aletu dituzte prentsaurrekoan, asmo pertsonalak helburu kolektiboaren baitan kokatuz.

Sari emaileak
Iñaki Muruak jarriko dio irabazleari txapela, bertsolaritzan egin duen eragiletza lanaren aitortzan. Berarekin batean, beste lau pertsonek banatuko dituzte gainerako sariak: «Bertsozale Elkarteak gure ibilbidean garrantzitsuak diren eta gure jardun eremua konpartitzen duten pertsonei ikusgarritasuna emateko» adierazi zuen Oier Iurramandi antolakuntza arduradunak.

18. Txapelketa Nagusia
1935ean jarri zen abian Txapelketa formatua eta ordutik 18. Txapelketa Nagusia da aurtengoa. Orain arte bederatzi txapeldun izan dira: Iñaki Eizmendi Basarri, Joxe Manuel Lujanbio Txirrita, Manuel Olaizola Uztapide, Xabier Amuriza, Xebastian Lizaso, Jon Lopategi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Egungoa Maialen Lujanbio, bi aldiz txapela jantzita.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri