Txapelketa Nagusia - Finaleko puntuak 2022-12-21

Finaleko hiru saioetan aurretik Lujanbio

Finaleko hiru saioetan aurretik Lujanbio
Lujanbiok 74 puntuko aldea atera zion Arzallusi. 10 goizean, 36,5 arratsaldean eta 27,5 buruz burukoan. Aldearen erdia pasa, arratsaldeko bakarkakoan atera zion hernaniarrak. Bertsoaldirik puntuatuena ondu zuen Lujanbiok. Puntu aldetik bere lanik apalena Arzallusek.

Maialen Lujanbiok finaleko hiru saiotan atera zuen puntuaziorik altuena: goizean, arratsaldean eta buruz burukoan. Goizean Arzallus 10 puntura gerturatu zitzaion. Arratsaldean 14 puntura Mendiluze. Buruz burukoan, 10 atera zizkion hendaiarrari. 

Goizeko saioak 15 bertso puntuagarri zituen, kanporaketan eta finalaurreko lehen itzulian bezala. Bederatzi epaile izanik, orain arteko puntu neurriak aldatu egiten dira. Aurreko faseetako eskalara ekarrita, goizko saioan 744,5 puntu aterako zituzkeen Lujanbiok.

Aitor Mendiluze buruz burukotik bi puntura gelditu zen, 1.500 punturen gainean. 14,5 puntura Sustrai Colina eta 15ra Alaia Martin, bere lehenbiziko finalean. Berdinketa teknikoa dei dakiokeen hori ez da berria finaletan: 2017an Aitor Mendiluze sartu zen buruz burukoan bigarren postuan Lujanbioren atzetik. Puntu batera gelditu zen Colina, 2,5 puntura Arzallus eta 14,5 puntura Elortza.



Non atera zion aldea Lujanbiok Arzallusi?
Finalean 74 puntuko aldea atera zion Maialen Lujanbiok Amets Arzallusi. Eta erdia pasa ariketa bakarrean, arratsaldeko bakarkakoan. Goizean zortziko handian kendu zion alderik handiena Lujanbiok Arzallusi: 9,5 puntu lehen bertsoaldian eta 6 puntu zortziko txikian. Puntu erantzunetan, seiko motzean eta ganbaran parekotasun handia izan zen elkarren artean.



Arratsaldeko saioan 36,5 puntu kendu zizkion txapeldunak txapeldunordeari. Hamarreko txikian eta puntutan, biak paretsu. Bakarkakoan etorri zen koska. Lujanbiok 35,5 puntu atera zizkion Arzallusi ariketa bakarrean. Lujanbiok bere lanik puntuatuena ondu zuen garbitzailearen papelean. Arzallusek aita izan nahi ez izateagatik galtzen zituen harremanen gaian hirugarren bertsoa ez zuen borobiltzerik lortu eta eguneko bere puntuazorik apalena eskuratu zuen ariketa horretan.



Buruz burukoan, 27,5 puntu Lujanboren alde
Buruz burukoan ere aldea handitu egin zuen hernaniarrak, Iparragirren egindako ofizioan bereziki. 27.5 puntuko koska kendu zion hendaiarrari. Lau ariketetatik hirutan gailendu zen puntuazioan Lujanbio, batean Arzallus, Oreka hitza emanda bederatzikoan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri