OSTEGUNEAN 22:30TAN ETB1EN 2022-12-21

Hitzetik Hortzera finalaren biharamunean

Pasa den igandean jokatu zen Iruñako Nafarroa Arenan 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Zortzi finalisten artean Maialen Lujanbio izan zen txapelduna eta Amets Arzallus txapeldun ordea. Txapelketa jokatuta, Maialen Lujanbio izango dugu aste honetako protagonista osteguneko Hitzetik Hortzera saio berezian. Igandean bizitako bizipen eta sentsazioez hitz egingo digu txapeldunak. Ez galdu beraz, ostegunean gaueko 22:30tan Hitzetik Hortzera Etb1en.

BTN22 Finala

Irailak 24ean Getxon hasi zen bideak, Iruña izan zuen helmuga pasa den igandean. 13.000 bertsozalez beteriko Nafarroa Arena izan genuen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren anfitrioi.  

Bederatzietan ireki ziren ateak eta hamaiketan hasi zen finala, zozketak horrela erabakita orden honetan sartu ziren bertsolariak oholtzara: Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi. Arratsaldeko saioan, buruz burukoan arituko ziren bi bertsolarien izenak jakin genituen, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Azkenik Iñaki Muruak jantzi zion txapela Maialen Lujanbio 2022ko txapelduanari.

Maialen Lujanbio

Aurtengoan Hernanira itzuli da txapela, lehendik ezaguna zuen burura. Izan ere, hirugarrenez irabazi du Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusia (2009,2017,2022). 2017ko finala irabazita zuzeneko pasea zuen Hernaniarrak aurtengo finalean.

Finalean sartu berria izateak eta txapelketaren moldetara egokitu beharrak, goizeko saioan argi ilunetan aritzea eragin ziola dio Hernaniarrak. Etenik gabeko bilaketa lan gisara definitzen du goizeko saioa. Lanbro artean, momentu batzuetan gaiak zailak iruditu zitzaizkiola dio eta horiek nondik eta nola zukutu aritu zela. Tentsio guzti honek sortzen duen neke fisiko zein mentala azpimarratu du. Arratsaldean aldiz, txapelketaren klimara egokitu izan balitz bezala, sentsazio atseginagoak izan zituela adierazi du. Txapelketaren biharamunean, neke fisiko handia uzten dutela dio finalean bizitako sentsazio eta bizipenek. Neke hori ordea, jendearen balorazio eta sentsazioekin kontrastean jartzen hasi dela aipatu du. 

Komunean atala 

Osteguneko Hitzetik Hortzera berezian, komunean atalak ere, sorpresa ezberdinak dakartza. Izan ere, gonbidatu ezberdinak igaroko dira komunetik Eider Perez eta Idoia Torregarairen konpainian. Juan Kruz Lakasta, Euskalerria irratiko kazetaria edota Edurne Azkarate aktorea izango ditugu. Noski, bertsolariak ere igaroko dira komunetik, esaterako, Jon Maia, Andoni Egaña eta Estitxu Arozena.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri