Bertso eskolak. Basque Improvisational poetry schools 2023-06-12
Mende erditik gorako bidea egitera doaz bertso eskolak, bertsolaritzako transmisio marko nagusi gisa, 70. hamarkadan Almen Ikastolan Juanito Akizu, Santi Iparragirre eta Patxi Goikolearen eskutik bertso eskola martxan jarri zenetik. Eta 1959koa da Garriko bertso eskolaren esperientzia eta 80. hamarkadatik Bertsozale Elkartearen bertsolaritza proiektuaren ardatz izan dira eta Nevadako Unibertsitateak nazioarteko plaza akademikoak jarri ditu orain, Center for Basque Studies ikerketa guneak Bertso Eskolak. Basque Improvisational Poetry Schools liburua argitaratuta. 2020an egitekoa zen kongresurako lanak oinarri: Oihana Iguaran, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Beñat Krolem eta Larraitz Ariznabarretaren lanek eta Reyes Lazaro eta Jacqueline Urlak Maialen Lujanbio eta Miren Artetxeri egindako elkarrizketek osatu dute edukia. Xabier Irujo, Iñaki Arrieta Ibaro eta Larraitz Ariznabarreta aritu dira lanaren edizio lanetan. (Aurkezpeneko bideoa gutxi barru)
Atzo goizean egin zuten libururaren aurkezpena Donostian, Koldo Mitxelena Kulturgunean. Hiru editoreak eta Miren Artetxe izan ziren ekitaldian.
Ondarearen transmisioa eta alde soziala
Bertso eskolak bertsolaritza ikuspegitik eta alde sozialetik landu dituzte liburuan: «euskal kultur ondarearen transmisioari egiten dioten ekarpenaren berri ematen da. Baita lankidetzan, aniztasunean eta konpromiso sozialean oinarritutako komunikazio sare bati ematen dion bultzadaren berri ere» adierazi dute.
«Bertso eskolek Euskal Herrian duten garrantzia azpimarratu nahi dugu»
Xabier Irujo Center for Basque Studies zentroko zuzendariak bertso eskolen garrantzia azpimarratu du: «80. hamarkadatik gaur egunera arte bertsolaritzaren mundura iritsi den jendarte espektroa zabaltzea lortu du eta ez zuen dimentsioa hartu du».
Lorpen horrekin batera ordea, bertso eskolen lan soziala ere azpimarratatu du Irujok: «Bertso eskolek jendartea kulturalizatzeko lan sozial ikaragarria egin dute. Kontsumoko edozein gizarte garaikideetan ohikoak diren aisialdiko eta denbora libreko balioetan murgilduta bizi den jendarte honetan, faktore soziokultural paradigmatiko bat gehitu dio, oso berezia mundu mailan ere».
Center for Basque Studies ikerguneak bertsolaritzari buruzko beste lan batzuk ere argitaratu izan ditu lehenago eta arrakasta handia izan dutela azpimarratu du Irujok, urtean 2.000 deskargatik gora munduko hainbat lekuetatik.
Sarean eskuragarri
Bertso Eskolak. Basque Improvisational Poetry Schools Center Basque Studies-eko webgunean edo Amazonen dago eskuragarri. Xabier Irujok Bertsoa.eus-i adierazi dionez liburua euskaraz ekoitzia izan da eta gero ingelerara itzulia. Aurrerantzean euskaraz ere irakurri ahal izateko modua izatea espero du.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24