Historiako Emakume Bertsolariak 2020-04-28

Joxepa Zubeldia (1865-1947 Hernani)

Joxepa Zubeldia (1865-1947 Hernani)
Bere anaia Kaxiano Zubeldiarekin sarritan jarduten zuen bertsotan etxean; gabonetan eta Santa Ageda bezperan, balkoitik jarduten zuen eskeko taldean zetozen anaia Kaxiano eta beste bertsolariekin.

Joxepa Zubeldia, bertsolari eta bertso jartzaile fina

Hernaniko Ibarluze baserrian jaio zen Joxepa Zubeldia 1865ean. Madrilera neskame joan eta bertan ezagutu zuen senarra, Manuel Ortiz, burgostarra. Bost seme-alabekin bueltatu ziren Hernanira, eta bertan izango zituzten beste bi alaba. Joxepak Hernaniko kale nagusian jarri zuen janari denda.

Bere anaia Kaxiano Zubeldiarekin sarritan jarduten zuen bertsotan etxean; gabonetan eta Santa Ageda bezperan, balkoitik jarduten zuen eskeko taldean zetozen anaia Kaxiano eta beste bertsolariekin.

Txirrita ere sarri etortzen zen Hernaniko erdigunera eta Joxeparen anaiarekin bertsotan jardun zuela aipatzen da, baina Joxeparekin ere bertsotan egin ote zuen ez da inon jaso.

Bertso ugari ere idatzi zituen. Bere idazmahaia zuen etxean, eta berak egindako koadernoetan idazten zituen. Urtero bere lagun baten baserrian pasatzen zuen tartea ere bertsoak idazteko baliatzen zuen, etxean bere seme-alabek ez baitzuten gogoko amaren bertsozaletasuna.

Bertso sorta bakarra heldu da guregana, Antonio Zavalaren artxiboan dagoen bertso paperean argitaratutakoa. 1918an izan ziren baztanga kasuen inguruan gobernadoreak hartutako erabakien kontra Hernaniko herriak egindako protestari jarritako bertsoak dira. 1918ko ekainaren 1ean Tilosetan egin zen herri bazkarian kantatu zituen herritarren aurrean.

Bertso berrik andre batek jarrik

1918ko apirilaren 2an Hernanin gertatutako baztangaren matxinada kontatzen du sorta honek.

Lasarte eta Hernani inguruetan baztanga kasuak agertu zirenez, Gobernadoreak hainbat neurri hartzeko agindu zuen. Tartean, zazpi gaixo Hernaniko Benefizentzia Etxera eramatea, ospitale hartan hobeto isolatuta egongo zirelakoan.

Gaixo guztiak Hernanira ekarriz gero, gaitza bertan zabalduko zen beldurrak hartu zuen herria. Eragozteko, herritarrek bideak barrikadaz bete zituzten: gurdiz, upelez, egur-oholez eta bestelako tramankuluz itxi zituzten bideak. Hernaniko ospitalea ere erretzeko zorian egon ziren, eta guardia zibilei aurre egin zieten. Matxinadan asko ziren emakumeak, tartean Joxepa Zubeldia bera.

Garaipena ospatzeko, ekainaren 1ean herri bazkaria egin zen Tilosetan eta Joxepa Zubeldiak, mahai gainera igota, sorta honetako 24 bertsoak kantatu zituen herritarren aurrean. Orduko hartan ere seme-alabak lotsatu egin ziren amaren bertso jardunaz.

Entzun Joxepa Zubeldiaren bertsoak: "Bertso berrik, andre batek jarrik", hemen.

Baztangaren matxinadari jarritako sortaren transkripzioa, hemen.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri