Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Ekaitz Santaziliak eta Ricardo Urritzolak aurkituta 2023-06-29
XIX. mendi hasierako bertso sorta aurkitu dute Iruñean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian. Oraingoz ez da argitu nork jarriak diren. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Ekaitz Santaziliak eta Ricardo Urritzolak egin dute aurkikuntza eta Erran.eus-ek eman du horren berri. Albistean kontatzen denez, salaketa jarri zuten Doneztebeko Fermin Altxu Beristainen kontra. Altxu maisua zen herrian eta emakumeen aurka gehiegikeriak egiteagatik salatu zuten.
Erran.eus-ek argitaratu duenez «Herritar batzuei leitzen eta eskribitzen erakusten ari zitzaiela aprobetxatuz, Doneztebeko Frantziska Etxenike, Maria Martina Andiarena ostatuko neskame donamariarra, Donamariako Aroztegiko Bitoriana Armasa (labaiendarra sortzez), Iruñeko bi neskato eta bertzeren bat ere haurdun utzi zituen: sei, guzira. Armasari ezkontzeko promesa egina zion». «Altxuk bere burua zuritu nahi izan zuen, baina alferrik. Hondarrean, Ceutara zortzi urterako soldadu joatera kondenatu zuten, maisu aritzeko baimena galdu eta juizioaren kostuak pagatu ondotik».
Bere kontrako juizioa izan zen, eta dokumentazio guzia Nafarroako Errege Artxibo Nagusian aurkitu dute, juizioaren dokumentazioarekin batera.
«Herrian, bertsoak paratu zituzten maisuaren kontuen berri emanez. Altxuk Geronimo Goñi, Martin Jose Etxenike, Martin Etxaideren mutila eta Kosme zurginaren semea salatu zituen, kopla-kantari ibiltzeagatik. Altxuri bertso-papera bera erakutsi, eta letra Norberto Goienetxe errege-notarioarena zela erran zuen». Doneztebekoa hura ere.
Hamalau bertsoko sorta da, zortziko txikian, Kanta berri eder bat hasten dena. Sortak salatuaren eta emakumezkoen izen-abizenak aipatzen ditu. Bukaerako bertsoan egileak garbi samar erakusten aipatzen dituen pertsonekiko duen enpatia neurria: Sei andre omen dauzka/gaur bere karguan/Ea nor arkitzen dan/halako graduan/inork ez du berdintzen/Espainia barruan/ojala banengoke/ni harren larruan.
Hemen 1826ko bertsoak, Erran.eus-ek «gaur egungo idazteko manerara ekarriak»:
1-Kanta berri eder bat
paratzen naiz hasi,
Bertiza(ra)ngo ballean
desaten ikasi.
Egia esan gabe
ez nezake utzi:
hango gazteria txit
gustora da bizi.
2-Santestebanen dute
maisua Don Fermin.
Eskola paratua,
ez du batere min.
Gizon abila dana
badakigu berdin;
prodigio handiak
omen ditu egin.
3-Eskribatzen omen du
asko eta garbi.
Halakoak behar du
'enseñanza' jarri.
Gizona lan hobetan
ez diteke ari;
herrian omen dauzka
lau dama ernari.
4-Maisu on izatea
ez da txit milagro;
aprendiz urteak goiz
zituen igaro.
Haren kontuak ongi
jakinean nago:
Pamplonan izan ditu
beste bi le(he)nago.
5-Esku arina du ta
pluma es pizuba.
Bere ofizioan
guziz jakinzuba.
Nahiz dala mansoa ta
orobat izua,
damak eskolatzeko
hura zer maisua!
6-Eskola jarri zuen
berak hala nahita,
edozeinek es baitu
hartarako gaita.
Nafarroa guzian
siñalea baita,
ezkondu baino le(he)n da
sei umeren aita.
7-Maizuari ezanik
amodio pina,
eskolara joaten
zitzaion Martina.
Agirian daukate
hango lan egiña.
Orduan gozo zana
orain txit da mina.
8-Mari Martin gaisoa,
horra zure ditxa.
Maizu jakinzunakin
kuidados zabiltza.
Maite izan bazindu
gizon prestu giza,
etzizun ukatuko
emandako hitza.
9-Egin zuen orduan
zurekiko lana.
Laizter abiatu zan
beste batengana,
baita logratu ere
deseo zebana:
dama gazte bat, zeina
dan Bitoriana.
10-Ikusirik hain gazte,
guri eta mardul,
Bitoriana zuen
hartu bere lagun.
Halako parajean
nahi litzake jardun;
hura ere tristeak
ezin logratu du.
11-Dama Bitoriana,
begirik ez buzti:
maizuak maite zaitu,
ez halere gutxi.
Zurekin ezkondurik
nahi zukean bizi,
baldin le(he)nagokoak
baliote utzi.
12-Egin ezkeroztanik
horrenbezte neke,
errenta seguru bat
gizonak nahi luke.
Trabajatzen omen du
anitz eta merke:
sabela omen dio
Frantziskari bete.
13-Nafarroan ez dago
halako mutilik:
nunbaiten ere badu
beste bat ixilik.
Gordea egon arren,
ateak itxirik,
noizbait agertuko da,
hil edo bizirik.
14-Sei andre omen dauzka
gaur bere karguan.
Ea nor arkitzen dan
halako graduan!
Inork ez du berdintzen
Espainia barruan:
ojala banengoke
ni harren larruan.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24