Aner Euzkitze - Basarri Sariaren irabazlea 2023-07-17
Aner Peritz Euzkitzek bi ahalegin nagusi azaldu ditu Kotxeari kortinak jarri behar dizkiot igandeetarako sortan, Bertsoa.eus-i aitortu dionez. Batetik, deskribatzen den eszenari dagokion benetako hizkera erreala bertsotara ekartzea. Eta bestetik, doinuaren kontakizun erritmoak baimentzen zizkion jokoak baliatzea. Bi ardatz horien inguruan landu du Basarri Sariaren sorta irabazlea bertsolari zarauztarrak.
Entzun Bertsoa.eus-ek elkarrizketa egin dio sortaren nondik norakoa azaltzeko: gaia, doinua eta hitzkuntza erregistroa, sorta honek berari aportatu diona eta bertso jarrien inguruko bere lana eta dedikazioa.
Kotxeari gortinak jarri behar dizkiot igandeetarako
Doinua El tiempo está después kantutik Alaia Martinek moldatutako doinuan.
1. Lo gutxiegi egin dugu.
Ez nauzu aditzen.
Begi itxietan nabari
dut goiza argitzen.
Gu korapilatu aurretik
hau nahasten ari zen.
Maletero honetan biok
ez gara kabitzen.
2. Gogoratzen dut zure begi
azpiko orezta,
zure izena ez. Nork jarri
du txosnetan ska?
Zergatik bukatu genuen
Renaultean festa?
“Eramango zaitut etxera”
esan nizun, ezta?
3. Begiak zabaltzeko beldur
naiz zu aurpegira
so topa zaitzakedalako.
Asko ote dira
bart zeudenak kontenedore
hartara begira?
Ez dakit zer ordu den, baina
beranduegi da.
4. Kutxaritan igartzen zaitut
atzetik, petxuz blai,
gorputza biratu dut mantso,
zurearen erpai.
Begiak zabaltzera noa,
zuk segi lo, lasai.
Ostra, bale, biluzik zaude.
Joder! Ni ere bai.
5. “Ya son las nueve”-ka esnatu
ondoren Alexak
behatu duzu: ur-botila,
bi bic cristal exact,
atzoko txosnako basoak,
bi boxer, durex bat
—eskerrak—, totte-baga, galtzak,
mobila, klinexak,
6. kotxeko giltza, autopako
txanponak ta batik
bat topatzen ez dudana da
zure eye contactik.
Maletategian ez nago
eroso; ez dakit,
baina pentsatuko dut dela
posturarengatik.
7. Ez dut atzokoa ulertzen;
ea, zer diozu?
Zergatik nengoen hain bero,
sukarrez, morbotsu,
uzkiz hain zabal, hitzez gordin,
ahoan oro txu…?
Ez dakit zein zen arazoa:
popperra edo zu.
8. Kaka! Hamaika t’erdietan
lana dut, bitxito,
kotxean azkar ez naiz ordu
t’erditik jaitsiko
ta zu etxean utzi behar
zaitut lehenbiziko…
orain morreatzen bagara
ez naiz iritsiko.
9. Egun on ezer baino lehen,
goiz da zoritxarrez,
nik laster alde egin behar dut
nahiz atzo behar ez.
Jantz ditzagun arropak kendu
bezalaxe aurrez,
ja goiza da, badaezpada
elkarri bizkarrez.
10. Mapseko zurerako minsak
hogeita hamabi.
Zergatik esan ote nion
“bai” gaurko lanari?
Musika zure esku, benga,
nahi dut joan adi.
Spotify Premium daukat.
Ez jarri Anari.
11. 31 mins isilik.
Ailegatu gara
hau omen da zure herria.
Ez, keba, bertara
ez naiz hurbilduko, ze lotsa.
Txau! Ez ezer laga.
Animo astelehenarekin!
Gaur igandea da.
12. Isipilutik so egin dizut,
airera muinkatu.
Ene, igande postlarunbat!
Ai, jai bedeinkatu!
Ezin gauetik egunera
guztiz labainkatu;
ez naiz lanera heldu eta
ez dugu gainkatu
Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-09-19
Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024 2024-09-06
Asier Azpirozí jarritako gaia 2024-09-03