39. Basarri Bertsopaper Saria 2023-07-17

«Kotxeari gortinak jarri behar dizkiot igandeetarako» sorta

«Kotxeari gortinak jarri behar dizkiot igandeetarako» sorta

Zarauzko Bertso Astean kantatu zituen Aner Peritzek Basarri Sariko bertsoak, bertso musikatuen emanaldiaren baitan. Kotxeari gortinak jarri behar dizkiot igandeetarako sorta 12 bertsoko lana da Alaia Martinek El tiempo está después kantutik moldatutako doinuan.


1. Lo gutxiegi egin dugu.
Ez nauzu aditzen.
Begi itxietan nabari
dut goiza argitzen.
Gu korapilatu aurretik
hau nahasten ari zen.
Maletero honetan biok
ez gara kabitzen.

2. Gogoratzen dut zure begi
azpiko orezta,
zure izena ez. Nork jarri
du txosnetan ska?
Zergatik bukatu genuen
Renaultean festa?
“Eramango zaitut etxera”
esan nizun, ezta?

3. Begiak zabaltzeko beldur
naiz zu aurpegira
so topa zaitzakedalako.
Asko ote dira
bart zeudenak kontenedore
hartara begira?
Ez dakit zer ordu den, baina
beranduegi da.

4. Kutxaritan igartzen zaitut
atzetik, petxuz blai,
gorputza biratu dut mantso,
zurearen erpai.
Begiak zabaltzera noa,
zuk segi lo, lasai.
Ostra, bale, biluzik zaude.
Joder! Ni ere bai.

5. “Ya son las nueve”-ka esnatu
ondoren Alexak
behatu duzu: ur-botila,
bi bic cristal exact,
atzoko txosnako basoak,
bi boxer, durex bat
—eskerrak—, totte-baga, galtzak,
mobila, klinexak,

6. kotxeko giltza, autopako
txanponak ta batik
bat topatzen ez dudana da
zure eye contactik.
Maletategian ez nago
eroso; ez dakit,
baina pentsatuko dut dela
posturarengatik.

7. Ez dut atzokoa ulertzen;
ea, zer diozu?
Zergatik nengoen hain bero,
sukarrez, morbotsu,
uzkiz hain zabal, hitzez gordin,
ahoan oro txu…?
Ez dakit zein zen arazoa:
popperra edo zu.

8. Kaka! Hamaika t’erdietan
lana dut, bitxito,
kotxean azkar ez naiz ordu
t’erditik jaitsiko
ta zu etxean utzi behar
zaitut lehenbiziko…
orain morreatzen bagara
ez naiz iritsiko.

9. Egun on ezer baino lehen,
goiz da zoritxarrez,
nik laster alde egin behar dut
nahiz atzo behar ez.
Jantz ditzagun arropak kendu
bezalaxe aurrez,
ja goiza da, badaezpada
elkarri bizkarrez.

10. Mapseko zurerako minsak
hogeita hamabi.
Zergatik esan ote nion
“bai” gaurko lanari?
Musika zure esku, benga,
nahi dut joan adi.
Spotify Premium daukat.
Ez jarri Anari.

11. 31 mins isilik.
Ailegatu gara
hau omen da zure herria.
Ez, keba, bertara
ez naiz hurbilduko, ze lotsa.
Txau! Ez ezer laga.
Animo astelehenarekin!
Gaur igandea da.

12. Isipilutik so egin dizut,
airera muinkatu.
Ene, igande postlarunbat!
Ai, jai bedeinkatu!
Ezin gauetik egunera
guztiz labainkatu;
ez naiz lanera heldu eta
ez dugu gainkatu

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa