60 lagun inguru bildu ziren larunbatean 2023-09-26

Derion II. Geuretik Geuretzat Eguna

Derion II. Geuretik Geuretzat Eguna
Iaz Gipuzkoan egin zen, aurten Bizkaian. Datorren urtean ere antolatzeko asmotan dira.

Iazko ekitaldiari segida emanez, aurten Bizkaiak hartu zuen GEURETIK GEURETZAT eguna antolatzeko ardura. Egitaraua goizeko 11:00etan hasi zen eta bertan 45 lagun inguru batu ziren. Jose Anjel Mentxaka historialariaren eskutik, Derioko hilerrian ibilaldi historiko-kulturala burutu zuten. Derioko hilerrian makina bat pertsona ezagunen hilotzak daude, besteak beste: Gabriel Aresti, Indalecio Prieto, Txabi Etxebarrieta, Julita Berrojalbiz (Kristina Mardaresek bertso sorta eskaini zion). Horietako bakoitzean beraiei buruzko kontaerak eta bertsoak abesteko parada izan zen.

Ibilaldia amaituta, Baserri Antzokian izan zen hurrengo geldialdia, 14.00ak aldera. Hirurogei lagun elkartu ziren eta bazkari aurreko libreko pare bat saio izan ziren. Loidisaletxe eta Telleria lehenbizi eta Aratz Igartzabal, Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia ondoren, bizi-bizi.

Ederki bazkaldu eta familia argazkia atera ostean, arratsaldeko saioari ekin zitzaion. Aurrena enkarguz eskatutako bertsoak kantatu zituzten Garazi Gonzalez de Duranak, Imanol Lazkanok eta Xabier Amurizak.


Ondoren, gaiak jarrita aritu ziren Rikardo Gonzalez de Durana, Ander Ezeiza eta Serapio Lopez hirukotea, Iban Urdangarin eta Aratz Igartzabal bikotea eta bakarka Iker Zubeldia.



Halaxe eman zitzaion egunari amaiera, datorren urtean ere elkartzeko asmotan.

Jarraian, egunak utzi zituen zenbait argazki:


Imanol Lazkano bertso kantari, Asier Ibaibarriagaren begiradapean.


Xabier Amuriza bertso kantari.


Rikardo Gonzalez de Durana, Ander Ezeiza eta Serapio Lopez hirukotea.


Aratz Igartzabal eta Iban Urdangarin, Iñaki Arbilduk gaia jarrita.


Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe II eta Millan Telleria, bazkalaurrean, librean.


Gabriel Aresti poeta, bertso jartzaile eta teorikoaren hilarria Derion.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa