Zutabea 2023-09-27

"Ari düzü bai xiberotarrez, buhame izaiteko pürü"

"Ari düzü bai xiberotarrez, buhame izaiteko pürü"

Leire Casamajou Elkegarai

[Dylan Inglisi] Txiste bat herritarrik mitikoenari, txista bat politikariari. Hori zen dena. Alta, lana ontsa egiteko, ongi baino hobeki jakin behar ginuen nori zuzenduko zitzaion bertsoa. 15 asteburuz, 90 bat jenderi kantuz aritu zaizkie  Maiana (nausia) eta Marlène (mitila), aurtengo xorrotxak. Haiek botza, nik luma; horrela antolatu ginen. Ideientzat, aldiz, hiruak batera, zeren ez baitzen lanik errexena. Bizi ohidurak aldatu dira, eta auzoa ezezagunagoa bilakatu zaigu. Herritarrei mezuka ibili behar izan nintzaien, harrera egiten zigutenei buruz galdezka. Uste dut hori dela maskaradatik atxikiko dudana, herri eta biztanleen hobeki ezagutu izana. Ez ote zen helburua? Lortua! 

Maskarada eta euskararen arteko harremanaz, orain… Badu onetik. Baina, azaleko errealitate hipokrita bat bezala ere ikusten dut ihauteriaren aroa. Ez nuke deuseztatuko maskarada batek hizkuntzari egin diezaiokeen ekarpena; hala ere, aitor dezagun Xiberuak euskararekiko duen lotura ez doala usu folkloretik haratago. Bortitzegia izatea da, beharbada? 4 hilabeteko lorpenak ere baloratzekoak dira? Seguraski. Baina hori nahikoa bezala kontsideratzea? Ze huts egite aitormena! 

Maskarada eta euskararen arteko harremanaz, beraz… Badu onetik. Baina, sakoneko errealitate zintzoa, ondokoa da, ene ustez: xiberutarrek ez dute ekimenetik haratagoko hizkuntza ideologia politikorik garatzen, ezta honen beharra ikusten ere; salbuespenak salbuespen. "Ez dük hala!" Hala da, bai, behin erran zidaten gisara: "Ari düzü bai xiberotarrez, buhame izaiteko pürü". Ez baita gauza bera, gainera, xiberutarrez edo euskaraz egitea Xiberuan; beste gai sakon bat litzateke hori. Dena dela, eni dagokidanez, maskarada eta pastoralara mugatzen den xiberutarra baino, euskalduna izatea nahiago. HUA!

Hiri hitza, Xalbat. Gai emaile lanetan ari haizela, nolako lana duk hori? Zerk inspiratzen hau?

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa