Zutabea 2023-10-20
Leire, inspirazioa eguneroko gertakarietan edo ohituretan atzeman daiteke. Erranen nuke gai-jartzailearen zeregin nagusia dela gertakari hori gai bihurtzea. Bistan da, anitzetan, gure bizipenak eta hurbilen dugun errealitatea oholtzara eramaten dugula. Gai-jartzaileon lana "erraza" dela ere aditu izan dut usu. Ibilbide xume eta laburretik natorkizu baina zin dagizut gure lana papera irakurtzea baino anitzez gehiago dela. Gaiak zeri buruz eta nori ematen ditugun jakitea arras garrantzitsua iruditzen zait. Helburu horiekin inertzia batzuk aldatzeko lagungarri izan daiteke gaia bera.
Gai zehatz batekin entzulea irriz lehertzea nahi genuke, bertsolariari gaian sakontzeko hautua eman edo ariketa berriak txertatzeko balio digu gaitegiak. Ideia bat ez delako deus intentziorik gabe. Intentzioa gehitzen diogularik ideiari, gai bilakatzen da. Orduan, gaia ez da neutroa izaten ahal. Neutroz mozorrotu daiteke, baina gai batek beti intentzio bat ukanen du, bortxaz. Gaia arrakastatsua izan dadin, bere formulazioa eta nabarmendu nahi dugunari garrantzia nola eman jakitea da gakoa. Saioaren lekua, bertsolariak nor diren eta zer motatako entzulea izanen dugun beharrezkoa da kontutan hartzea, saioak arrakasta izan dezan. Batzuetan lortzen dugu; bertze batzuetan ez.
Gai-jartzailea taldearen parte da. Taldea da bertsolariek eta gai-jartzaileak osatzen duten oholtzako pertsona multzoa. Bertsolariekin ditugun harremanek lagun dezakete saioaren doinua bideratzen. Haiek ez badira ongi senditzen, gu ere ez. Eta gu ez bagara ongi senditzen, haiek ere ez. Mintza gaitezen, talde gisa ditugun kezkez, sentsazioez eta gai batzuek eragin dezaketen minez…
Bukatzeko, otoi, taldearen parte garenez, ez ahantzi gai-jartzaileon izenak saioen afixetan!
Maite, hiri hitza, nolakoa dun bertsolari izatea Deustun? Zer harreman mota izaten dun bertsolaritzarekin?
Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-09-19
Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024 2024-09-06
Asier Azpirozí jarritako gaia 2024-09-03