Dokumentu osoa aurkitu berri dute 2023-10-17
Gabriel Aresti idazle eta bertso jartzaile zein teorikoak Internazionala kantua, (L'Internationale jatorrian, 1871 Eugène Pottierrek sortua) bertsotara ekarri zuen 1971an eta haren bertsio osoa aurkitu berri dute. Arestiren obran aditua den Karmelo Landak eman berri du horren berri. Errima biko bertsoak dira, 9-8 neurrian, estribilo batekin. Landak Ahotsa.info atarian kontatzen duenez Natxo de Felipe Oskorriko kantariak proposatu zion Arestiri kantu hori euskara ekartzea.
Hemen testu osoa. Lotura honetan entzun liteke bertsio kantatua.
"Zutik lurrean kondenatu
zaren langile tristea,
nekez ginen elkarganatu
indazu albiristea.
Gertatuak ez du ardura,
jende esklabua jeiki,
aldaketak datoz mundura,
nor den herriak badaki.
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.
Goitik ez dator salbatzerik
jainkorik, ez , erregea.
Gu ez gaitzake gai azerik
Hau da gizonen legea !
Lapurra zeha dadin edo
har dezan bere zoria,
hauspoa eraginez gero
jo bedi burdin goria.
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.
Bere zeruan atseginez
Aberatsak ez du gaitzik:
Zer egin du, egarri minez
lana arrobatu baizik?
Gaiztaginen kutxetan dago
gure lanaren fruitua
hartuko dugu gehiago:
zorra eta korritua.
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.
Estatuak hondatzen gaitu
bere tribut berriekin,
Aberatsa gizentzen baitu
pobreen izerdiekin.
Asko zurrupatu gaituzte,
berdingoaren izenak
Berdin omen zituen uste
beharrak eta zuzenak.
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.
Soldaduek ere eginen
dute protesta ederra!
tiranoaz herabe ginen!
Guri bake, hari gerra
Baldin jan nahi bagaitu gu,
Herriaren haragiak
Tirokatu behar ditugu
Beraren buruzagiak
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.
Langile nekazari gara
Alderdi trabailaria
Lurra gure herentzia da
Hil bedi harraparia!
Bela putre gaitzak gogora
Haragiaz ase dira
Ihesi doaz eta horra
Eguzkiaren dirdira
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin."
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-20
Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna 2025-03-05