Zortzigarren igaro arren orain dela lau urte baino tarte handiagoarekin igaro izanak lasaitua eman omen dio. Finalari begira bere burua sereno ikusten du. Saio on bat egin dezakeela iruditzen zaio. Orain arteko bi saioetan eroso ikusi du bere burua, baina erosoago ere aritu daitekeen sentsazioa dauka. Bere barruko kezken-mundua agertu nahiko luke aukerarik baldin badu. Ez du doinu berririk plazaratuko, baina, agian, orain arte erabili ez duenen bat erabiliko du.
Hirugarren aldiz sailkatu da finalera Sustrai Colina urruñarra. Dena den, aurtengoa ezberdina izango da beretzat: "Lehenengoan nobedadea nintzen, 19 urte, hau dena handi gelditzeko arriskua zegoen... Bigarrenean uste dut zama handiegiarekin pasa nintzela finalera; tarteko borroketan luma gehiegi galduta. Aurten, alde horretatik, nahiko sereno eta nahiko lasai nator. Uste dut beste bi finaletan baino prestatuago eta bertso-puntu hobean nagoela. Badakit nire saio on bat egiten baldin badut hor ibiltzeko aukerak badauzkadala. Ez dakit zein alturatan, baina nire burua lasai utzi eta arrastotxo bat utzi izanaren sentsazioarekin etxera joateko moduan bai."
Gazterik nabarmendu zen Sustrai Eskolarteko txapelketetan eta Nafarroako Txapelketan. Aurtengoan, orain dela lau urte bezala, ere zortzigarren postuan igaro da finalera. Sentsazioak ezberdinak dira hala ere: "Lasaitu egin nau pasa izanak. Postuz pasa naiz juxtu, puntuazio aldetik orain dela lau urte baino tarte handiagoa izan dut. Puntu bakarragatik pasatzera ohitu zarenean hamabosteko tartea ateratzeak lasaitua ematen du. Batez ere bi saioak irabazi izanak konfiantza ematen du. Gustura eta sereno nago, aurrekoetan baino gehiago."
Bi saio egin ditu finalaurrekoetan, eta bietan nagusitu da: "Tolosan oso gustura jaitsi nintzen oholtzatik, nahiz eta gero puntuazioek ez zuten halakorik esan. Gernikan desberdina izan zen. Egin beharra presenteago zegoen, ez nengoen oso konbentzituta saio oso ona ote zihoan... Aurretik kalkulu tonto bat egina neukan buruan eta iruditzen zitzaidan Gernikako saiotik ez zirela asko pasako finalera. Besteak zaintzen ere aritu nintzen azkenean. Ez dut uste saio txarra egin nuenik. Nahiko eroso sentitu naiz bertsotan, nahiz eta uste dudan oraindik erosoago sentitu naitekeela."
Finalari begira, honako hau da bere helburua: "Transmititu nahiko nuke nire barruan daukadan kezka-mundu hori eta bertso-modu hori. Gero ez da soilik zer transmititu nahi duzun, zer transmititzeko aukera uzten dizuten ere bada. Behintzat jarrera bat azaldu nahi nuke, bai gauzak ikusteko moduan eta baita oholtzan ere. Erne egon nahi nuke eta ematera joan, hori ere badelako nire bizitzeko jarrera bat."
Doinuei dagokienez, ez dauka berririk plazaratzeko asmorik: "Beti esan izan dut txapelketak ez direla esperimentuetarako tokirik egokienak. Baliteke beste batzuk erabiltzea orain arte erabili ez ditudanak, baina berriak izango direnik ez dut uste."