Jone Antsotegi Ikazuriaga - Señora Bertso Eguneko antolakuntza kidea 2024-02-15

«Bertsolaritza transfeminista gustuko duen pertsona oro gonbidatuta dago Señora Bertso Egunera»

«Bertsolaritza transfeminista gustuko duen pertsona oro gonbidatuta dago Señora Bertso Egunera»
Antsotegiren hitzetan «Señora Sariketak bildu du nolabait bertsoaren komunitate transfeminista eta egun hau sariketaren jarraipen gisa planteatu dugu». Antolakuntza aldetik jende askoren prestutasuna azpimarratu du Jone Antsotegik.

Larunbatean Señora Bertso Eguna egingo da Soraluzen, bertsoaren komunitate transfeminista bildu eta saretzeko helburuz antolatu den lehenengo Bertso Eguna. Bertso poteoa, bazkaria eta bertso sortak eta jaialdia izango ditu bertso eskaintza aldetik. Antolakuntzatik «jende dexente» espero dute.

Jone Antsotegi Ikazuriaga da antolakuntza taldeko kideetako bat eta Bertsoa.eus-ek elkarrizketa egin dio aulestiarrari ekimenaren jatorria eta helburuak bere ahotik ezagutzeko.

Señora Bertso Eguna antolatu duzue larunbaterako Soraluzen. Nondik nora etorri da proiektua eta zein helburu jartzen dizkiozue egunari?
Azken 3 urteetan, Señora Sariketak bildu du nolabait bertsoaren komunitate transfeminista eta egun hau sariketaren jarraipen gisa planteatu dugu ; sarea sariketaz kanpo ere indartu nahi dugulako. Egunak Sariketaren helburu berberak ditu, beraz, baina lehiaren faktorea kenduta, lehiaz kanpo agertzen baitira bertsoaren alderdi interesgarri ugari.

Poteoa, bazkaria, sortak eta jaialdia antolatu dituzue eta musika festari jarraipena emateko. Nolako harrera izan du orain artekoan, zenbat jende aurreikusten duzue?
Egunak harrera ona izan du eta jende dexente espero da. Dena dela, antolakuntzatik bereziki pozik gaude eguna prestatzeko ardura jende askoren artean banatu dugulako eta jendea etortzeaz gain, asko egon direlako prest antolakuntzan laguntzeko eta egunean dauden txandak betetzeko.

15 bertsolarik eta 2 gai-jartzailek hartuko dute parte. Kopuru zabala…
Saiatu gara herrialde, adin eta bertso ibilbide desberdina daukaten parte-hartzaileak gonbidatzen, bertsokera ugari elkartuko dituen eguna izan dadin.

Aurrera begira Señora Bertso Eguna urterokoa izateko helburuz dator?
Oraindik goiz da hori esateko. Aurtengoa nola doan ikusi behar dugu lehenbizi. Eta ondoren, Balorazioa egitean erabakiko dugu ea ze ibilbide izango duen.

Bertso Eguna kontzeptua erabiltzeak non kokatzen du Señora Bertso Eguna Bertsozale Elkarteak tokian tokiko bertso-eskolekin antolatzen duen Bertso Egunarekiko?
Elkarteak antolatzen duen Bertso Egunak eredu gisa funtzionatzen du tokian toki antolatzen diren beste Bertso eta Bertsolari Egun batzuentzat. Zentzu horretan, guretzat ere erreferentzia gisa funtzionatu du eta, izenean ez ezik, egunaren formatuan ere nabari da. Dena dela, izen hori hautatu izanak ez du Bertso Eguna interpelatzen ari garenik esan nahi. Besterik gabe, saretze espezifikoago bat bultzatuko duen eguna da gurea, bertso-eskola askotako kide feministen bidez antolatua.

Larunbatean Soraluzera joateko gonbidapen bat?
Bertsolaritza transfeminista gustuko duen pertsona oro gonbidatuta dago.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri