Igandean Donapaleun hasita 2025-02-12
Libertimenduak zazpi bertso plaza eskainiko ditu aurten ere igande honetan hasi eta martxoa bitartean. Inauterietako ekitaldia da Libertimendua eta bertsoa du jatorrizko osagaietako bat, musikariak, dantzariak eta zirtzilekin batean. Bina bertsolari aritzen dira bakoitzean, librean, libertimenduan planteatzen diren gaien inguruan. Emanaldiaren osotasunean bertsolariak, nolabait, epaile edo juje lana jokatzen du.
Bolada batez galduta egonda, berriro arnasberritu dira azken urteotan, besteak beste, Antton Luku garaztarraren lan teorikoari esker.
300-400 laguneko libreko plazak
Bertsogintza ikuspegitik, espazio irekian eta publikoan egiten diren libreko bertso plaza handienetakoak dira. 300-400 laguneko libreko plazak izan ohi dira eta arreta maila handikoak.
Tradizioz Nafarroa Beherekoa da libertimendu formatua eta eskualdeka antolatzen da. Hegoaldean ere sustraitu da zenbait herrietan: Dibermientua egiten da Donostiako Añorga auzoan eta Iruinkokoa Iruñean. Datorren urtera begira Markina-Xemeinen ere egitekoa dute.
Otsailean eta martxoan
Amikuze eskualdeko libertimenduak emango dio hasiera denboraldiari, igande honetan. Donapaleun izango da eta Miren Artetxe eta Bittor Thikoipe ariko dira bertsotan. Otsailaren 23an, Baigurako libertimendua izango da, Heletan. Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi ariko dira hor. Bezperan, Añorgan izango da.
Martxoan, Iruñean, Baigorrin, Hazparnen eta Oztibarren izango dira ekitaldiak.
Bertsotik urrundua zena berriro bertsoaz gozatzeko plazak
Libertimenduan bertsoak funtzio eta izaera propioa du, jaialdietan edo txapelketan ez bezelakoa, oro har behintzat. Eta horrek beste publiko mota batengana iristeko bidea ematen du. Bertsotik urrundua egon zitekeen publiko bat berriro bertsora hurbiltzeko ere parada ekarri du libertimenduak. Hala adierazi zuen Mattin Irigoien antzezleak Bertsolari Bertsozale podkastean: «Bertsua ez diat konprenitzen erraiten zuen publiko bat ikusi dut libertimenduetan bertsoekin irrika, esku-zartak jotzen».
Mizel Mateo eta Amets Arzallus iaz, Baigurako libertimenduan.
Baigurako libertimendua, iaz.
Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna 2025-03-05
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-02-13
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-02-06