Aroa Arrizubieta Barredo eta Ander Sarriugarte Garcia - Gaztetxeak Bertsotan sariketako antolakuntza kideak 2025-02-28
Gaztetxeak Bertsotan bertso-zirkuitua iragarri dute aste honetan sare sozialetan. 2000. urtetik aurrera jaiotako 24 bertsolari gaztek parte hartuko dute binakako sariketan eta zazpi saio izango ditu. Ekimenaren helburuak eta xehetasunen berri emateko antolatzaileengana jo du Bertsoa.eus-ek. Aroa Arrizubieta gasteiztarrak eta Ander Sarriugarte durangarrak erantzun die Bertsoa.eus-eko galderei.
Gaztetxeak Bertsotan ekimena iragarri duzue. Zer da eta nondik dator?
Hainbat bertsolari gaztek, gaztetxeetako asanbladekin batera, antolatutako sariketa da. Oinarrian, konpartitzen ditugun bertsoarekiko eta gaztetxeekiko kezkak daude. Gazte askok ez daukate txapelketetatik harago kantatzeko aukerarik, eta beste batzuek saioetan gazte izatea bera dute funtzio. Gaztetxeak Bertsotan sariketak gazteontzako zirkuitu bat sortu nahi du, gazteok pentsatua eta antolatua. Festa-giroko saio eroso eta dibertigarriak izatea nahi dugu, eta aldi berean, gazteon kezkekin lotutako ahots kritiko eta politizatuei ere tokia eman. Uste dugu gaztetxeak espazio ezin hobeak direla horrelako egitasmo baterako.
Zein dira ekimenaren helburu nagusiak?
Ekimen honek bi helburu ditu nagusiki: batetik, bertsolari gazteei plaza eskaintzea, lehen aipaturiko premisen baitan. Bestetik, gaztetxeen eta bertsoaren arteko harremana estutzea. Alegia, gaztetxeen inguruan dabiltzan belaunaldi berriak bertsozaletzea edo bertsoarekiko gertutasuna sentiaraztea eta, era berean, bertsozalea den edo bertso munduan dabilen jendeak gaztetxeekiko eta politikarekiko gertutasuna sentitzea. Beraz, sariketak gaztetxeei beraiei bultzada ematea ere badu helburu. Euskal Herriko hainbat gaztetxetan antolatu ditugu saioak eta uste dugu horrek indartu dezakeela gaztetxeen arteko sarea eta gaztetxeen problematika ikusarazten ere lagundu.
Egitura aldetik, zein izango da formatua, zenbat saio…?
Zirkuitu hau binakako sariketa formatuan planteatu dugu eta 2000.urtetik aurrera jaiotako 24 bertsolarik hartuko dugu parte. Lau kanporaketa (martxoaren 14an Itsasuko Goxoki gaztetxean, 15ean Mutrikuko gaztetxean, 21ean Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean eta 22an Altsasukoan), bi finalaurreko (ostegun unibertsitarioetan, apirilaren 3an Bilboko 7katu gaztetxean eta 10ean Gasteizkoan) eta finala izango dira. Finalerako zerbait berezia prestatzen ari gara. Aurrerago emango dugu informazioa. Ez dugu lehiak zentralitaterik har dezan nahi, eta zirkuitu osoan zehar bertsolari guztien parte hartzea bermatzen saiatuko gara (repeskak, eliminatuen poteoak etab. antolatuz).
Zer saio mota irudikatzen dituzue, planteamendu aldetik, gai aldetik, ariketa aldetik…?
Gai aldetik, etengabe azpimarratu bezala, gazteon kezken inguruan kantatzeko aukera eman nahiko genuke. Publiko egin genuen lehen teaserrean txapelketako gaietan ematen ziren posturak edo baieztapenak zirikatu nahi izan genituen, eta ildo horri jarraiki, formalismoa kritikatu eta geuretik kantatzeko aukera zabaldu nahi dugu. Uste dugu txapelketako gaietan, nahi edo ez nahi, marko bat ematen dela ontzat. Ustez bertso-mundu osoari dagokio marko hori, baina gazteok gehienetan ez gara identifikatuta sentitzen eta arrotz sentitzen ditugu hainbat gai eta egoera. Negozioen jabeak, zinegotziak, etxejabeak... ez datoz bat gazteon egungo pobretzearen esperientziarekin.
Marko bat ontzat emateak beste esperientzia batzuk kanpo uztea dakarrela uste dugu. Horregatik uste dugu lekua eman behar zaiela gazteon esperientziak kontatzen dituzten ahots kritiko eta politizatuei. Ariketa berezi batzuk probatuko ditugu, bestelako saio batzuetatik jasotakoak zein sariketa honetan propio estreinatu nahiko genituzkeenak, publikoaren parte-hartzea bultzatuz.
Bertso saio bat lehenengo aldiz entzungo duen batentzat eta oso bertsozalea denarentzat erakargarria izango den formatu bat sortzea da erronka. Horretarako, garrantzitsua iruditzen zaigu publikoaren parte hartzea ere, eta gaietan parte hartzeko aukera edukitzeaz gain, publikoak erabaki ahalko du zein bikotek egingo duten aurrera. Horrek lehiari pisua kentzeko ere balio izatea espero dugu.
Zein ekarpen egin nahiko zenukete?
Sariketaren izenak dioen bezala, bi eremutan egin nahi dugu ekarpena: bertsoan eta gaztetxeetan. Bertsolaritzari dagokionez, bereziki azpimarratu nahi dugu gazteok geure kabuz antolatutako sariketa bat dela, gazteen ahotsei lekua egitea duena helburu. Horrekin sustatu nahi dugu espazio bat normalean entzuten ez diren ahots batzuk entzun daitezen, gazteon bizimoduari eta bizi dugun munduari modu kritikoan begiratzen diotenak. Eta hori guztia umorez eta festa-giroan. Beste alde batetik, gaztetxeei ere bultzada eman nahi diegu.
Uste dugu inoiz baino beharrezkoagoak direla gaztetxeak gaur egun gazteontzat. Instituzioetatik kanpo, benetan geure kabuz antolatzeko espazioak dira. Hori ezinbestekoa da arterako eta aisialdirako, baina baita gazteok geure artean elkartzeko eta antolatzeko ere. Aldiz, gaztetxeek beti jasan izan dituzten oztopoek jarraitzen dute: hor daude Burlatako kasua, Durangokoa, Zestoakoa, Zornotzakoa... Asko dira. Sariketa honek problematika hori ikusaraztea ere nahi luke, eta bultzada ematea.
Bertsoak gaztetxeetan bide luzea egin du eta alderantziz ere bai, Gaztetxeak bertso-plazaren parte dira aspaldian. Bide horretatik zer azpimarratuko zenukete bereziki eta non ikusten dituzue lantzen jarraitzeko helduleku nagusiak?
Sariketa hau antolatzerako orduan, besteak beste, duela urte batzuk aurrera eramandako Plazatik Gaztetxera sariketa izan dugu eredu, eta bertako antolatzaileetako batzuekin ere hizketan ibili gara. Sariketa hark ere lan handia egin zuen bestelako bertsolaritza batek bere lekua eta publikoa izan zezan. Egun, argia da gazteentzako dagoen espazio falta, bai elkartzeko eta baita politizatzeko ere, eta gaztetxeak horren aurreko alternatiba argia dira. Gaztetxeetan urte luzez egin da lan instituzioetatik kanpoko aisialdi eta gazte-kultura baten alde.
Orain, oztopoen gainetik, ikusten dugu belaunaldi berriak hasi garela borroka horien sokari eusten, gaur egungo begiradatik. Nahi genuke ekimen eta borroka horien guztien espiritua hartzea, haietatik ikasi eta geure indarrez berritzeko. Zentzu horretan, iruditzen zaigu ekarpena egin diezaioketela bai sariketa honek gaztetxeei eta baita sariketa honi gaztetxeek ere. Horretarako, ezinbestekoa da gaztetxea ez ulertzea espazio soil gisara, halako ekimenetako antolakuntzan parte har dezakeen agente aktibo bezala baizik. Horren adibide argiak dira kanporaketetan gaztetxeek eurek saioa hornitzera begira osatuko dituzten egitarauak (kasu batzuetan tokian tokiko bertso eskolarekin harremanetan).
Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna 2025-03-05
Bertso jarri musikatuak Hitzetik Hortzeran 2025-02-17
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-02-13
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-02-06