Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-13
Bertsopaper saltzaile izatea ia ofizio bat izan da historian zehar, bertsopaperek beste presentzia bat zuten garaian. Norbere edo besterenak, plazan kantatu eta saldu; garaiko muga ideologikoak eta zentsurak kudeatu eta bertsoa plazatik etxera eramateko bidea jarri. Ofizio horretako azken ordezkarietako bat izan zen Eusebio Mugertza Txirristaka eta horren berri emango du Hitzetik Hortzerak.
Mendaroko Udalak, In Leike kultur elkarteak eta herritar talde batek Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolaria jaio zeneko 150. urteurrenaren harira antolatutako kultur programaren baitan argitaratu zuten liburua, iaz, eta Mendaroko Udalak ale bana oparitu die nahi izan duten herriko eskola-umeei, familiako bana.
Liburu hori, Andoni Egaña bertsolariak eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileek egin dute eta aste honetako Hitzetik Hortzeran liburuaren sortze prozesuari eta Txirristaka bertsolariari buruz hitz egingo dute.
Andoni Egañak Auspoa Saileko Mendaro Txirristaka liburutik abiatuta sortu du Eusebio Mugertzari buruzko ipuina. Bertso jartzaile oparoa izan zen Txirristaka eta bere bertso jarriek ongi islatzen dute nolakoa izan zen Txirristakaren bizimodua eta baita garai hartako gizartea ere.
Behin ipuinaren hitzak jasota hasi zen lanean Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea. Testutik marrazki eta ilustrazioetarako bideari buruz hitz egingo du Mirari Martiarena aurkezlearekin. Bere umetako ipuinen kutsua eta kolorea eman nahi izan dizkio Ainara Azpiazu Axpik. Bai Egaña eta baita Axpi bera ere gustora daude liburuaren emaitzarekin.
Azkoitia eta Andoaingo bertsoaldiak
Emakumeen nazioarteko egunaren harira, Azkoitin bertso saioa antolatu zuren. Haritz Alberdi aritu zen gai-jartzaile lanetan eta bertsotan egin zuten Naia Arrizabalagak, Eneritz Artetxek, Julene Iturbek eta Alaia Martinek.
Andoainen urtero antolatzen dute Sahararen aldeko bertso saioa bertako bertso-eskolak, Andoaingo Udalak eta Hurria Saharak. Saio horretako bertsoaldiak entzuteko aukera izango da. Eneritz Artetxe, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran, Aitor Mendiluze, Andoni Rekondo eta Aitor Sarriegik egin zuten bertsotan. Gai-jartzaile lanak berriz Maddi Etxeberriak egin zituen.
Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan ETB1en.
Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna 2025-03-05
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-02-13
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-02-06