Danele Sarriugarte - Señora Sariketaren balorazio elkarrizketa 2025-06-05

«Ikusi dugu bertsoa utzi zuten pertsona horiek bertsotan perfektamente egiten dutela»

2025/bertsoa_audio_elkarrizketak/danelesarriugarte_elkarrizketa_audioa.mp3.mp4
«Egitura batzuk daude eta egitura horiek egiten dute batzuentzat errazagoa izatea eta beste batzuentzat zailagoa bakoitzaren talentutik eta lanetik aparte. Ikusi dugu faktore horiek aldatzen direnean eta beste modu bateko baldintzak ematen direnean, bertsoa utzita zeukaten bertsolari batzuk oso majo aritu daiztekeela bertsotan». (...) «Pozgarria izan da ikustea bertsoa aspaldi utzita zeukaten pertsonak bat-batean berriro gozatzen bertsotan eta jolas horretaz». «Oso hunkituta gaude eta beteta. Bihotza beteta daukagu».

Señora Sariketak bost urteko bidea egin du Iruñean finala jokatuta. Eta bosgarrenak, besteak beste, ziklo baten itxiera ekarri du. Bost urteotan antolakuntzan aritu den talde nagusiak uztea erabaki du eta erreleboa lantzea. Finalean bertsotan iragarri zuten. Instagramen zabaldu dute sorta.

Aurtengo edizioaren eta bost urteko bidearen balorazioa egiteko elkarrizketa proposatu dio Bertsoak antolakuntzari. Danele Sarriugartek erantzun ditu galderak.

Larunbatean jokatu zen V. Señora Sariketako finala Iruñean. Antolakuntzatik zein balorazio egiten duzue aurtengo edizio osoarena eta finalarena?
Balorazioa oso positiboa da. Egia esan, oso-oso pozik gaude. Zoratzen gaude. Hiru saioak oso ondo joan dira. Oso giro ederra sortu da. Bertso oso politak entzun ditugu eta esango nuke ez genuela irudikatzen hain eder joango zenik. 

Proposamen berri bat zen aurtengoa. Espero genuen emango zuela. Polita eta ederra izango zela, baina uste dut gure espektatibak gainditu egin direla. Oso hunkituta gaude eta beteta. Bihotza beteta daukagu. Uste dugu parte hartzaileak ere oso gustura egon direla eta hori guretzat oso garrantzitsua zen. Eta horrelako hitz ederrak baino ez dauzkagu aurtengo Señora Sariketaz hitz egiteko. Historikoa izan dela esan dugu behin baino gehiagotan eta, egia esan, ez genuen pentsatzen hain historikoa izango zenik. 

Aurten planteamendu berria egin duzue parte hartze aldetik eta saioen formatu aldetik…
Guk zerbait berezia egin nahi genuen V. edizio honetan eta Uxue Fernandezek utzi zigun halako etxeko lan bat geneukan. Uxue bera bolada batez bertsolaritza utzi eta gero itzuli egin zen berriz. Erronka zen bera bezala bertsolaritza utzitako emakume eta genero disidenteei atea zabaltzea. Sortzea giro bat non deskubritu dezaketen bazekitela bertsotan egiten eta beste faktore batzuk kanporatu zituztela bertsotik. Ez bakarrik faktore indibidualek, askotan irudikatzen dugun bezala. 

Apustu hori egin genuen eta horrek ekarri zuen formatua ere birpentsatzea. Nahi genuen espazio erosoagoak sortzea oholtzatik kanpora denbora luze bat pasatu dutenak errazago animatzeko itzultzera. Konfiantzazko giro hori nahi genuen bermatu. Horregatik elkarteetan egitearena, bazkaria tarteko, eta espazio hori berreskuratzea normalean hain eroso sentitzen ez diren subjektu batzuentzat.

V. Señora Sariketak eman eta utzi duenetik zer azpimarratuko zenukete bereziki? 
Nik azpimarratuko nuke ikusi dugula bertsoa utzi zuten pertsona horiek bertsotan perfektamente egiten dutela. Azkenean, egitura batzuk daudela eta egitura horiek egiten dutela batzuentzat errazagoa izatea eta beste batzuentzat zailagoa, bakoitzaren talentutik eta lanetik  aparte. Badaudela beste faktore batzuk eragiten dutenak. Faktore horiek aldatzen direnean eta beste modu bateko baldintzak ematen direnean, bertsoa utzita zeukaten bertsolari batzuk oso majo aritu daiztekeela bertsotan.

Niretzako super pozgarria izan da ikustea bertsoa aspaldi utzita zeukaten pertsonak bat-batean berriro gozatzen bertsotan eta jolas horretaz.

Sortu den giroa ere azpimarratuko nuke. Oso Señora Sariketako giro tipikoa baina esango nuke aurten are eta gehiago izan dela bertsolarien tipologiagatik.

Azpimarratuko nuke baita ere, Kristina Mardarasek eta Rosi Lazkanok elkarrekin kantatu izatea. Eta kantatzea baita beste belaunaldi bateko kideekin. Belaunaldien arteko saretze hori ere azpimarratuko nuke. 

Baldintza berri batzuk ematea eta baldintza berri horiei esker beste pertsona batzuk berriro oholtza hartzea nik uste dut oso-oso azpimarragarria dela. Azkenean, konturatzea nola bertsotarako talentutik eta egiten duen lanetik eta ideietatik eta abarretatik harago beste gauza pilo batek egiten dutela oholtza eroso edo deseroso. Eta horrek eragiten duela gorputz batzuk askoz zailtasun gehiagorekin sartzea hor eta ez sentitzea eroso eta horregatik utzi nahi izatea. 

Antolakuntzan errelebo kontuak-eta argitaratu dira. Señora Sariketak izango al du jarraipenik? Horren inguruan azaldu daitekeena…
Finalean bertso-sorta baten bidez iragarri genuen bezala, bost urte hauetan talde motorrean aritu garen kideok utzi egingo dugu antolakuntza eta egingo dugu bilera ireki bat erreleboa lantzeko. Hori da oraingoz azaldu daitekeena.

Bost urteko bidea egin du Señora Sariketak. 2021ean abiatu zen eta Lesakan jokatu finala. Zein balorazio egiten duzue bost urteotan eta zein ikusten dituzue ekarpen nagusiak?
Lehenengo sariketa pandemiaren testuinguruan antolatu zen, 2021ean. Orduko egoera gutxi-gora behera gogoratzen dugu denok. Bazen beldurra plaza asko bertan behera gelditu zirelako. Beharrak ziren artikulatzea, plazak sortzea eta elkartzea. Esan behar da, baita ere, bertsolaritzaren barruan transfeminismotik ari diren pertsonak aspalditik ari direla eta hainbat egitasmo egon direla. Bide horren barruan kokatzen da Señora Sariketa. 

Lehen edizioan batez ere helburua izan zen plaza berean kanta zezaten emakumeek eta genero disidenteek. Ondo funtzionatu zuen eta ondorengo urteetan beste mugarri batzuk etorri ziren. Sare hori artikulatzen jarraitzeaz aparte, aipatuko nuke epai-irizpideetan egin den lanketa, lehiakortasunetik pixka bat urrunduta eta lehia normatiboaz harago beste irizpide batzuk ere mahai gainean jartzeko; mamarratxeoaren kontua gehitzea eszenari; eta aurtengoa, lehen aipatu duguna. Bide kolektibo bat izan da eta artikulazio hori guztia oso garrantzitsua izan da. Beste publiko batzuek erakartzea ere lortu du. 

Bost urte hauen oso balorazio positiboa egiten dugu. Oso pozik gaude. Urtero, bukatu denean oso-oso pozik egon gara. Da sariketa bat jendeak super pozik bukatzen duena eta finalaren ondoko parrandan gelditzen dira irabazleak, irabazi ez dutenak eta antolakuntzakoak, denok batera. Uste dut komunitate sorrera hori ere badela ekarpen bat eta alde horretatik guk super modu positiboan baloratzen dugu bost urte hauetan gertatu dena. 

Besterik edo eranstekorik?
Gehituko nuke guri asko gustatuko litzaigukeela Señora Sariketak jarraitzea. Sortan diogun bezala, guk nahi dugun bakarra da honek jarrai dezala. Ez dugu besterik eskatzen. Jendea anima dadila eta Señoraren parte izan dena anima dadila hariari tira egiten eta aurrera segitzen. 

Albiste gehiago

Danele Sarriugarte - Señora Sariketaren balorazio elkarrizketa 2025-06-05

«Ikusi dugu bertsoa utzi zuten pertsona horiek bertsotan perfektamente egiten dutela»

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-17

Gaztetxeak bertsotan Hitzetik Hortzeran

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-03

Iruñeko eta Oiartzungo bertsoak Hitzetik Hortzeran