Bigarren finala du Ametsek, orain dela 4 urte 3. egin ondoren. Aurrekoan baino lasaiago dagoela dio, finala erlatibizatzen ikasi duelako. Aurtengoan askok txapelerako faboritoen artean kokatzen dute. Hala ere, berak ez du hori presio bezala hartzen, sari bezala baizik. Barruan dauzkan kezkak agertu nahiko lituzke bertsotan, hori da bere helburu nagusia. Doinu aldetik ez dauka finalean berrikuntzarik egiteko asmorik.
25 urterekin hirugarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa Amets Arzallus hendaiarrak. 2005ean ere finalean kantatu arren (3. gelditu zen), aurtengoan sentsazioak ezberdinak direla dio: "Beti lehendabiziko aldiz sartutakoan, ez nuke esango ilusio gehiagoz, baina dena berria deskubritzen dezun sentsazioarekin etortzen zara. Aldi berean desberdina izaten da final-laurdenetatik datorren txapelketa batean sartu edo oraingoa, ni txapelketan orain dela hilabete baino gutxiago sartu nintzen. Hau desberdina da behintzat. Ez dakit zer moduz pasako den, baina hasierako sentsazioa da erlatibizatu egin dudala egun hori eta horrela lasaiago nagoela. Baina auskalo egunean bertan sentsazioa zein izango den."
Finalaurrekoetan bigarren puntuazio altuena lortuta sartu da BECen, eta jende askoren iritziz txapelaren lehian ibili beharko luke. Berak hori ez du presio bezala hartzen, ordea: "Hartzekotan hori sari bat balitz bezala hartzen dut. Jendearen ahotan egotea, seguru asko, hori izan liteke nik orain jantzi nezakeen txapela. Gauza goxo bezala sartzen da belarritik. Eta, beste aldetik, ikuspegia aldatuta daukat puntuazioei begiratzerako garaian aurreko txapelketekin konparatuz gero. Askoz nire buruari begirago eta nire bertsoari begira nago. Nire kezka nagusia da nire barrutik ateratzen diren bertsoek eduki dezatela nire forma. Badakit forma hori ondo definitu gabe daukadala oraindik, baina hori bilatzen ari naiz. Finala plaza handi bat da, baina beste plaza bat gehiago ere bada, eta hor nire burua bilatzen saiatu nahi nuke, nire kezketatik sortzen den bertsokera bat egiten. Nire ahalegina horretan dago eta beste guztia ondorio ilusiogarritzat besterik ez dut hartzen. Ez daukat inongo presiorik.
Bere bertsoei bere forma emateko lanketa berezirik egin ote duen galdetuta ezetz erantzun du: "Aurreko txapelketak ere gogoz prestatuta etortzen nintzen eta berdin aurten. Nik uste gehiago dela begiak zabaltzea horra begira. Horra begira zaudela zure lanak beste forma bat hartzen du eta zure barruko galdera handi horiei erantzun berriak bilatzen dizkiezu. Nik uste lana baino gehiago galderak aldatu direla, eta horien araberako erantzunak eman nahi nituzke, nahiz eta askotan erantzunik ez duzun aurkitzen."
Finalean, doinuari dagokionez, ez du gauza berririk plazaratzeko asmorik.