Goizeko saioa 11etan hasiko da eta arratsaldekoa 16etan. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colinak kantatuko dute. Bertsoa.com-ek zuzenean eskainiko du saioa, goizeko 10:30etatik aurrera.
Gaur bukatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurtengo edizioa. Barakaldoko BEC aretoan izango da saioa. Goizez eta arratsaldez jokatuko da saioa. Goizean 11etan hasiko da finala. Arratsaldean, berriz, 16etan. Honako bertsolari hauek kantatuko dute:
Andoni Egaña Maialen Lujanbio Amets Arzallus Aitor Mendiluze Jon Maia Unai Iturriaga Aitor Sarriegi Sustrai Colina Aitor Sarriegi kenduta, gainerako finalistak aurreko edizioan ere BECen aritu ziren. Egañak zazpigarren finala izango du aurtengoa, Iturriagak bosgarrena, Lujanbiok eta Maiak laugarrena, Mendiluzek eta Colinak hirugarrena eta Arzallusek bigarrena. Beraz, Aitor Sarriegi izan da final-laurdenetan hasi den bertsolari bakarra. Gainerako 6 bertsolari finalaurrekoetan hasi ziren. Andoni Egañak, berriz, finaletik ekingo dio aurtengo txapelketari, bera baita egungo txapelduna. Aurten, gainera, bere bosgarren txapela jarraian lortzeko aukera izango du.
Aurkezle lanetan Zuriñe Iarritu, Saroi Jauregi eta Alaitz Rekondo jardungo dira. Honako lan hau egin beharko dute bertsolariek:
Goizean:
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
-Banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean
-Kartzelako lana: Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Arratsaldean:
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
-Binaka, gaia emanda, sei bertso osatu arte puntutan zortziko txikian
-Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Buruz burukoa:
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
-Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian
-Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Behin lan hauek bukatuta jakingo da nor den aurtengo txapelduna. Txapela Joxe Agirrek jantziko dio.
Hauek dira orain arte Euskal Herriko Txapelketetan izandako txapeldunak:
1935: Basarri
1936: Txirrita
1960: Basarri
1962: Uztapide
1965: Uztapide
1967: Uztapide
1980: Xabier Amuriza
1982: Xabier Amuriza
1986: Sebastian Lizaso
1989: Jon Lopategi
1993: Andoni Egaña
1997: Andoni Egaña
2001: Andoni Egaña
2005: Andoni Egaña
2009: ?
Gaur egun Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatzen du txapelketa. Beti ez da hala izan, dena den. Gerra aurreko txapelketak Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedi Elkarteek antolatu zituzten. Ondoren, 1936tik 1960ra bitartean ez zen txapelketarik jokatu, gerra eta frankismoa zirela eta. 1960an itzuli zen Txapelketa Nagusia, Euskaltzaindiaren eskutik. Urte hartan, 1936an bezala, Donostiako Victoria Eugenian jokatu zen finala. 1962koa Astoria antzokian izan zen, eta 1965 eta 1967koak, berriz, Anoeta pilotalekuan jokatu ziren.
1980an itzuli zen txapelketa berriro. Urte hartan 16 bertsolari baino ez ziren aritu, antolakuntzak hala hautatuta. Balda pilotalekuan izan zen saioa, 1982an bezala. Dena den, 1986an desadostasun batzuk izan ziren antolakuntzaren inguruan. Beraz, urte hartako txapelketa, lehenengo aldiz, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatu zuen. Donostiako Belodromoan izan zen finala, eta han jokatu dira hortik aurrerako guztiak, 2005a iritsi arte.
2005ean lekuz aldatu zen finala, erdal gunera ere iristeko. Barakaldoko BEC aretoan izan zen saio hura, eta 13 000 lagunek jarraitu zuten bertatik bertara.
Aurtengo txapelketan 44 bertsolarik hartu dute parte. Horietatik 36 hasi ziren final-laurdenetan eta beste 7 finalaurrekoetatik.
Bertsoa.com-ek jarraipen berezia egingo dio finalari, Argia eta info7rekin elkarlakean. Goizeko 10:30etan hasiko da zuzeneko saioa, eta finala hasi aurretik zenbait elkarrizketa eskainiko dira. Horrez gain, finalean zehar zuzeneko analisiak entzun ahal izango dira. Xabier Euzkitze, Jokin Sorozabal eta Unai Agirre ariko dira komentarista lanetan. Guztiak gidatzen, berriz, Agin Rezola jardungo da.