Finala ekainaren 6an Plentzian 2026-04-19

Talde berri batek heldu dio Señora Sariketari, filosofia eta oinarriei eutsita

Talde berri batek heldu dio Señora Sariketari, filosofia eta oinarriei eutsita
Banakako formatura itzuliko da berriz Señora. Sei bertsolariko bi kanporaketa eta finala izango ditu: Hendaian eta Zizur Nagusian kanporaketak; Plentzian finala, ekainaren 6an. Saio guztiak gaztetxeetan dira.

Jexux Mari Irazu

Atzo aurkeztu zuten Señora Sariketaren VI. edizioa Legazpin, bertso bazkaritan: 12 bertsolari ariko dira kantuan eta hiru saio izango ditu; bi kanporaketak Hendaian eta Zizur Nagusian maiatzaren 16an eta 23an; finala Plentzian, ekainaren 6an. Lehenengo bost ediziotan aritu den antolakuntza taldeak erreleboa eman eta hamar laguneko taldeak hartu du lekukoa «filosofia eta oinarri berberekin». Antolakuntza ez ezik, epaile taldea ere berritu da eta irizpideak mantendu. 



Aissa Intxausti da antolakuntza taldeko 10 kideetako bat eta Señora Sariketaren helburua «feminismotik beste plaza mota batzuk sortzea da. Baita dauden plazak beste ikuspegi batekin lantzea ere». Berplazaratzea izan zen iazko helburua eta aurten plaza modu desberdinean dabiltzanak bildu ditu Señora Sariketak. Zentzu horretan, «elkargune izatea» du helburutzat.

 

Aurten berriz bertsolariak banaka
Señora Sariketaren VI. edizio honetan bertsolariak banaka kantatuko dute. Iaz, bertsolarien birplazaratzea zen helburua eta pauso hori errazteko bikotekako formatua baliatu zuten. Aurten, ostera buruz buruko planteamendua izango du eta saio bakoitzetik hiru bertsolari pasako dira finalera. 

12 bertsolari kantuan
Maiatzaren 16an eta 23an izango dira kanporaketak eta ekainaren 6an finala. Lehen kanporaketan, June Astegieta, Maider Altuna, Oihana Iguaran, Ana Picallo, Nahia Etxeberri eta Maddi Agirre ariko dira kantuan, Baionako Zizpa Gaztetxean, 18:00etan. Bigarrenean, Irantzu Idoate, Antton Fernandez, Kelmene Abaitua, Nahia Sasco, Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga, Zizur Nagusiko Esparru Gaztetxean, 18:00etan. 

Epai-irizpideak eta epaitzeko modua mantendu egingo dira. Epaile bakoitzak aspektu bat epaitzen du Señoran. 

Señora bertso-paper lehiaketa berria
Aurtengo edizioaren berritasun nagusietako bat Señora bertso-paper lehiaketa da. Aukera osagarri gisa planteatzen dute. Hiru bertso edo kopla egin behar dira, banaka zein taldeka. Bertso-eskola berrien parte hartzea bultzatzea izan da helburuetako bat. Sorta sarituak finalean kantatuko dituzte. 

Gaztetxetako asanbladekin elkarlanean
Señora Sariketaren VI. edizio hau gaztetxeetan jokatuko da eta antolakuntza asanbladekin elkarlanean aritu da zeregin horretan. Gaztetxeak egoera zailean daudela kontuan izan du antolakuntzak eta sariketa gune horretan planteatzea lehenetsi du. Antolakuntzaren arabera, Señorak beti izan du tokiko eragileekin elkarlana izateko bokazioa eta aurtengoan ere oso harrera beroa jaso dute asanbladen partetik. 

Albiste gehiago

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Jexux Mari Irazu

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Mirari Martiarena

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu