Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-05-15
Zarautzen eta Durango izandako ekitaldietako bertsoak dakartza aste honetako Hitzetik Hortzerak. Durangon, 1tz4l1 eta P1ztU bertso saio elektronikoa izan zen, Plateruenan: Aroa Arrizubieta Barredo, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Miren Artetxe Sarasola eta Nerea Ibarzabal Salegi, Ainhoa Urien Telletxek gaiak jarrita. Aner Peritz Manterola eta Manex Pagola Apezetxea arduratu ziren musikaz.
Zarautzen, Motxian-Etxebeltz bertso eskolaren eskutik, sei bertsolariko jaialdia egin zuten Modelo Aretoan: Beñat Gaztelumendi Arandia, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Jone Uria Albizuri, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Maialen Lujanbio Zugasti aritu ziren, Jone Lizarralde Ibabek gaiak jarrita.
Bat-batekoez gain, bertso jarriek ere lekua hartuko dute aste honetako programan. Unai Anda Delikak idatzitakoak izango dira oraingoan, eta nostalgiaren kontrako sorta izango da. Ohi bezala, Manex Pagola Apezetxea izango du musikarekin lagunduz.
Xabi Payari elkarrizketa
Xabi Paya Ruiz azken urtetan antzerkigintzari lotuta dabil bertsolari algortarra: hainbat antzerki lan idatzi ditu eta horietako gehienak bertsoarekin lotura zuzena dute. Cafe Bar Bilbao antzerki saria irabazi du berriki Ganbarako lana antzezlanagatik. 2001eko Txapelketa Nagusiko ganbarako gaia (orduan kartzelako gaia) hartu zuen abiapuntutzat: «Aturritik Ebrora herri bat badela belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke». Momentu horretan bertsolari baten buruan gertatzen dena eraman du antzerkira.
Gabarako lana antzerkiari buruz hitz egiteaz gain, Izeba Txirrita ere izango dute hizketagai Payak eta Mirari Martiarena Iraolak, hura ere algortarrak idatzitakoa da eta. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenaren baitan sortutako obra da: 1936ko altxamendu frankistan abiatutako bidaia da, Agin Laburu Rezolaren bertso sorta batean oinarritutakoa. Bertsoa oso presente duen antzezlana da, eta memoria kolektiborako ariketa bat egiteko baliatzen da.
Bertsoari buruz ere hitz egingo dute programan Xabi Payarekin: gaur egun bertsoarekin duen harremanaz arituko dira, baita bere egunerokoan bertsoak duen lekuaz ere.
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-05-15
Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11
Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25
Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17
Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23
Jexux Mari Irazu