Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026 2026-06-09

Jexux Mari Irazu
Aurtengo Euskal Herriko Txapelketaren ezaugarri berezietako bat parte hartuko duten bertsolarien batez besteko adina eta belaunaldiartekotasun zabala dira. Aspaldiko zabalena, ziurrenik. Bertsolarien batez besteko adina 34,5. Alegia, euskal gizartearen batez bestekoa baino 12 urte gazteagoa, 46 urte ingurukoa baita datu hori. Hamabi bertsolari dira 40 urtetik gora dituztenak, eta sei 25 urtez beherakoak. Aitor Mendiluze (1975) eta Maialen Lujanbio dira beteranoenak, 50 urteko langan. Eki Mateorena (2005) eta Irantzu Idoate (2005), gazteenak 21 urterekin. Gainerakoa 33ak, 25 eta 40 tartean kokatzen dira. Erreferentzia gisa bertsolariek 2026ko abenduan izango duten adina hartu da.
40 urtez gorako 12 bertsolariak
Aitor Mendiluze Gonzalez — 1975 (51 urte)
Maialen Lujanbio Zugasti — 1976 (50 urte)
Iñigo Mantzizidor "Mantxi" — 1977 (49 urte)
Onintza Enbeita Maguregi — 1979 (47 urte)
Nerea Elustondo Plazaola — 1981 (45 urte)
Sustrai Colina Acordarrementeria — 1982 (44 urte)
Amets Arzallus Antia — 1983 (43 urte)
Eneko Lazkoz Martinez — 1983 (43 urte)
Iñaki Viñaspre Simón — 1984 (42 urte)
Oihana Bartra Arenas — 1984 (42 urte)
Agin Laburu Rezola — 1985 (41 urte)
Miren Artetxe Sarasola — 1985 (41 urte)
25 urtez beherako sei bertsolariak
Eki Mateorena Zozaia — 2005 (21 urte)
Irantzu Idoate Funosas — 2005 (21 urte)
Aner Peritz Manterola — 2002 (24 urte)
Ekhiñe Zapiain Arlegi — 2002 (24 urte)
Xabat Illarregi Marzol — 2001 (25 urte)
Aroa Arrizubieta Barredo — 2001 (25 urte)
Gai-jartzaile taldeak eta epaileak, 36 eta 42ko batez bestekoa
Irizpide bera hartuta, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako gai-jartzaile taldearen adina 36 urte bueltakoa da. 20 urte ditu gai-jartzaile gazteenak eta 51 helduenak. Epaile taldearen batez besteko adina, aldiz, 42 urtekoa da: 30 urte dituzte gazteenek eta 64 helduenak.
1989ko eta 2022 finaletan antzeko batez bestekoa: 36,5 urte bueltan
Bertsolaritzan ia mantra bat da gaztetzen ari dela. Titular hori zabaltzen da gehienetan, baina datuek bestelakoa erakusten dute. Txapelketa ere adinean gora doa gizartearen norabide berean, txapelketaren batez bestekoa gizartearena baino ia 10 baxuagoa bada ere. Adibidez, Manuel Olaizola Uztapidez geroztik, Maialen Lujanbio da 50 urterekin Euskal Herriko Txapelketan parte hartuko duen txapeldun bakarra. Andoni Egañak 48 urterekin utzi zion. Sebastian Lizasok 39 urterekin. Kontrara, Jon Lopategik 53 urterekin jantzi zuen txapela 1989an.
Bertsozale Elkarteak antolatzen duen 11. Euskal Herriko Txapelketa da aurtengoa. 1986an finalisten batez besteko adina 33 urtekoa izan zen; 1989an, 36,9koa. Ondoren, gaztetzea etorri zen: 1993 eta 1997an, 30 urtekoa izen zen batez besteko hori eta 2001ean 27,9raino jaitsi zen.
Gaur egunera etorrita, 2022an Nafarroa Arenan kantatu zuten zortzi bertsolarien batez besteko adina 36,5 urte ingurukoa zen, 1989an bezalaxe. Aurten txapelketako bertsolari guztien batez bestekoa da altuagoa eta estatistikoki finalekoa hala izateko ere aukera handiak daude: aurreko finalista guztiek hartu dute parte, 12 bertsolari daude 40 urtetik gora eta sei 25 urtez behera.
Txapelketak 12 urteko koska, gizartearen batez bestekoarekiko
Belaulanaldiartekotasuna da Bertsozale Elkartearen hiru zeharlerroetako bat eta horren inguruan datuek zenbait pista ematen dituzte txapelketak zein belaunalditatik eta zein ahotsetatik kantatzen dion euskal gizarteari. Gizartearen batez besteko adina 46 urte bueltakoa Euskal Herrian eta Euskal Herriko Txapelketa 34 urte bueltan dago. 12 urteko koska beraz.
Txapelketaren sailkapen egiturak eta bertsolarien batez besteko adina
Bertsolarien txapelketako bizitza eta sailkapen egituren artekoan egon daitekeen harremana da beste gai bat, txapelketa eta gizartearen arteko sintonia horretan. Datuek erakusten dute txapelketaren egitura jakin baten bertsolarien txapelketa-bizitza luzatu egin dutela, edo gutxienez kointzidentzia bat egon daitekeela. Txapelduna finalean sartu eta finalistak finalerdietan sartu diren etapan etorri da batez bestekoaren gorakada.
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-05-15
Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11
Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25
Jexux Mari Irazu
Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17
Jexux Mari Irazu
Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23
Jexux Mari Irazu