Euskal Herriko Eskolarteko bertsolari Txapelketa 2026-06-15

XXXVIII. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatu zen larunbatean Arantzan, zazpi herrialdeetako hamairu bertsolari kantuan zirela: Kattin Madariaga Apaolaza, Jon Abasolo Sarralde, June Astegieta Unzaga, Maia Ortiz de Zarate Idiakez, Adei Urbitarte Ayestaran, Kattalin Arabolaza Palomo, Nahia Etcheverry Lopepe, Iradi Barrenetxea Akesolo, Gana Berhokoirigoin Zubeldia, Johane Larre Salaberri, Unax Aizpurua Ibargarai, Kattalin Lizarraga Mendia eta Leina Alkhat Larrandaburu, zoriak erabakitako hurrenkeran. Ekhiñe Zapiainek eta Eki Mateorenak aurkeztu zuten finala. 
Hasierako agurren ostean, hamairu bertsolariak zortziko handian eta zortziko txikian aritu ziren ofiziotan. Ondoren, sei bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Iradi Barrenetxea Akesolo, Kattalin Arabolaza Palomo, Kattalin Lizarraga Mendia, Kattin Madariaga Apaolaza, Nahia Etcheverry Lopepe eta Unax Aizpurua Ibargarai. Puntua emanda eta gaia emanda aritu ziren, ariketa bakoitzean bertso bana. 
Lan puntuagarriak eginda, bost epailek osatutako epaimahaiak Unax Aizpurua Ibargarai jo zuen txapeldun, eta Kattalin Lizarraga txapeldunorde. Amaia Telletxea Larretxea, Ainhoa Arregi Elosua, Aitor Jimenez Tolosana, Unai Muniain Caballero eta Zuhaitz Olazabal Superregi aritu ziren epaile lanetan; idazkari lanean, Ainhoa Goñi Castañares.
Saratarrak Euskal Herriko Eskolarteko bere bigarren txapela du, eta beste urtebete gelditzen zaio. Estitxu Arozena bertsolari eta bertsolaritza eragile nafarrak jantzi zion txapela Aizpuruari.

Euskal Herriko seigarren txapela Iparraldera, eta bosgarrena etxe berera
Unax Aizpurua Ibargaraik larunbatean Arantzan irabazitako txapelak beste datu bat ere uzten du, bertsolaritzaren transmisio ikuspetik: azken urteetan Euskal Herriko Eskolarteko seigarren txapela da Iparraldera doana, hiru bertsolariren buruan: Irantzu Idoate (1), Haira Aizpurua (3) eta Unax Aizpurua (2). Sarako etxe berera doan bosgarren Euskal Herriko Eskolarteko txapela ere bada aurtengoa. Haira eta Unax Aizpurua anaia-arreben artean, Euskal Herriko bost txapel jantzi dituzte. Horrez gain, Gazte Xilabako beste bost. Biek azaldu izan dute dute etxean egiten dutela bertso eskola Karlos Aizpurua aitarekin.
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-05-15
Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11
Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25
Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17
Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23
Jexux Mari Irazu